“Hegoaldea 70-80ko hamarkadetan zegoen antzeko momentuan dago Iparraldea egun”, aitortu zigun Josu Martinez zinemagile, idazle eta komunikazioan doktoreak iaz, Irudiz eta euskaraz. Gure hizkuntzaren zinema. Gure zinemaren hizkuntza liburuaren harira ZINEAn egin genion elkarrizketan. Argitalpena “hutsune bat betetzera” datorrela konbentzituta, orain arte bildu ez den euskal zinemaren historia bildu du zuen bertan: “Objektiboa aldatzen duzunean gauzak ezberdin ikusten dira“.

Bere aldetik, Historian graduatua eta Kultura, Artea eta Gizartea masterreko tituluduna den Graxi Irigarai ikerlariak Kultura politikak, hizkuntza gutxituak eta euskal zinema Ipar Euskal Herrian izenpeko hitzaldia eskaini zuen 2022an, lantzen ari den doktorego tesiaren inguruko zehetasunak azalduz. Hegoaldean idatzi, zuzendu eta ekoizten diren euskal filmek Iparraldean duten banaketa eta ikusgaitasun eskasia ulertu nahian dihardu, eta hain zuzen ere, aferaren ingurukoak izan ditu abiapuntu EHUko NOR ikerketa-taldearekin idatzitako txostenean: Ipar Euskal Herriko zinema eta ikus-entzunezko arloko diagnosia.

Iparraldeko erakunde publikoen enkarguz garatu ostean, Martinezek eta Irgaraik -Patxi Azpillaga kidearekin batera- iragan ostiralean aurrenekoz aurkeztu zituzten egindako ikerketaren ondorioak, Baionan, Uda Ikastaroak Fundazioak (UIK) antolatutako Zinema Ipar Euskal Herrian. Urrats bat aurrera? mugaz gaindiko jardunaldien baitan: 190 orrialdeko txostena, 7 kapitulutan banatuta, Ipar Euskal Herrian politika publiko bat ezartzeko gomendioak eta proposamenak jasotzen dituena.

Abiapuntua “gabezia bat” dela ados daude ikerlariak. Lurraldeak zinemarekin historikoki izan duen harremana “etengabea eta emankorra” izan bada bere, “orain arte ezagutu ez den ikus-entzunezko politika integrala” eratzea ezinbestekotzat jo dute, eragileen arteko koordinazioan oinarritutakoa. Hala azpimarratu dute diagnosaren sinatzaileek aho batez: “Uste dugu momentua dela apustu egiteko, badagoelako potentzialitatea horretarako. Baina instituzioek sinetsi egin behar dute”. Martinezek azaldu duenez, “bakoitza bere aldetik ibili da jardunean, eta beharrezkoa da instituzionalizazioa, elkarrekintza bermatzeko”. Azpillagak ere ezinbestekotzat du zinema-ekosistemaren alde egitea: “Erregio guztietan ari dira kultura politiken estrategiak sortzen; gure kasuan, euskara dugu ardatz inportanteena”.

UIK-nor ikerketa taldea-zinea

Ezkerretik eskuinera: Graxi Irigarai, Josu Martinez eta Patxi Azpillaga

Irigaraik azken urteotan Iparraldean zinemagintza egituratzeko baldintzak eta dinamikak ematen ari direla zehaztu du, eta horiek zeintzuk diren zerrendatu: “sortzaile belaunaldi berri bat agertu da; ekoiztetxeak eta banaketa etxeak (Gastibeltzak Filmak, Gabarra elkartea, Kanaldude, etab.), zinema erakusleihoak, (Hasparneko Zinegin festibala, FIPADOC jaialdia, Miarritzeko Novuelles Vagues zinemaldia) eta formakuntza aukerak (Zukugailua)”. Hala ere, azken arlo honi dagokionez, zinema eskolarik ez dela gogorarazi du ikerlariak, horregatik, gainerako kuestioetan bezala, “mugaz gaindiko lankidetzak” sustatzea ezinbestekotzat jo du.

Apurka-apurka estutzen ari da Hegoaldearekin harremana, eta horren eredu da hainbat zinemagile Eusko Jaurlaritzaren laguntzen onuradun izan direla, baita KIMUAK bildumako parte ere, baldin eta euskaraz errodatutako film laburrak aurkeztu dituzten. Eñaut Castagnet eta Itziar Leemans kasu. Baina, oraindik ere, hezur-mamitzen ari da lotura, eta gaur gaurkoz, ez dago estabilizaziorik sisteman.

Adibide garbia dugu filmen banaketaren kasua. “Iparraldean jarraikortasunez erakutsi beharko lirateke Hegoaldeko pelikulak, munduko beste edozein ekoizpen bezala”, dio Martinezek. Eta berau ahalbidetuko lukeen bulego-erakunde bat sortzea “lehentasunezko” neurria dela argudiatu du, aurkeztutako diagnosian jasota dagoena: “Izan dezakeen potentzializazioagatik erreferente bilakatu daiteke”. Bulegoaren ardatzak eta funtzioak ere zerrendatu dituzte: gaitasun juridiko, pertsonal eta aurrekontu propioa izan beharko luke, modu kontsultibo eta propositiboan pilotatu beharko litzateke, gobernantza modu partekatuan eraman beharko litzateke, eta hizkuntza politikaren trataeraren bereizketa jaso beharko luke.

Ikerketa-taldeak egindako diagnosian jasotako, eta epe luzera begira eraikitako, gomendio estrategikoak egikaritzera “oso zaila” dela jakitun, epe motzean aktibatu beharko liratekeen neurrien baitan sartu dute txostenaren egileek bulego-erakundea, baina ez da ekintza bakarra. Instituzioen arteko koordinazio-mahaia, produkzio-fondo bat, eta ikus-entzunezko behategia eratzea ere proposatu dituzte, “premiazkoak eta urgentziazkoak” iritziz.