Nazioarteko gatazkak izango dituzte ardatz aurtengo jardunaldiek, eta tartean, Javi Julio zinemagile eta argazkilari donostiarrak zuzendutako filma pantailaratuko dute, abuztuaren 30ean, 21:30ean hasita. Salbamendu-ontziak Mediterraneo itsasoan egiten duen lana du hizpide dokumentalak.

Bazetaritza bertatik bertara 2023-zinea

Kazetaritzari buruzko jardunaldiek Gasteiz hartuko dute bederatzigarrenez. Gasteizko Udalaren Kultura Zerbitzuak antolatuta, Florida zinemen laguntzarekin, abuztuaren 28tik irailaren 1era arte egingo dira, eztabaida ireki eta hitzartzeez gain, erakusketek eta filmen emanaldiek osatuko dute egitaraua.

Ibilbide profesional zabala duten kazetari eta argazki-kazetarien ikerketa-lanak eta esperientziak ezagutaraziko dituzte Kazetaritza, bertatik bertara 2023 ekitaldian, eta antolatzaileek adierazi dutenez, foku nagusia azken hilabeteotan nazioarteko arreta erakarri duten gatazketan jarriko dute: Errusia-Ukraina gerra, AEB-Txina arteko norgehiagoka komertziala eta teknologikoa, adimen artifiziala, Israel-Palestina gatazka edo migrazio-krisiak, besteak beste.

Izen handiko kazetariek hartuko dute parte Europa Biltzar Jauregian, gatazka-guneko zein kanpoko errealitateak ondo ezagutzen dituztenak, eta egunero, landutako edukiekin lotutako film bana proiektatuko dute Florida zinemetan. 21:30ean abiatuko dituzte emanaldiak, eta 3 euro balio du sarrera bakoitzak.

Jarraian duzue egitaraua:

  • Abuztuaren 28an: Invisibles (Daniel Landa, 2023) | zuzendariaren hitzartzearekin
  • Abuztuaren 29an: Les chevaliers blancs (Joachim Lafosse, 2015)
  • Abuztuaren 30ean: Aita Mari (Javi Julio, 2021) | zuzendariaren hitzartzearekin
  • Abuztuaren 21n: Advocate (Rachel Leah Jones eta Philippe Bellaiche, 2019)

Gainera, iazko edizioan abiatutako berritasunari jarraipena emanez, irailaren 1ean, ostiralean, Play Gasteizekin elkarlanean, aire libreko proiekzioa egingo dute, Aihotz plazan. David Fincherek zuzendutako The Social Network (2010) filma eskainiko dute 21:30ean hasita, Mark Zuckerberg eta iraultza eragin zuen Facebook sare sozialari buruzkoa.