Euskal kulturaren aniztasuna eta ikusgarritasuna bermatzeko asmoa duen programaren baitan, azken urteotan euskaraz ekoiztutako film luze eta laburrak erakutsiko dituzte uztailean eta abuztuan. Saioak Ipar Euskal Herriko hainbat herritako plazetan egingo dituzte; sarrera doan da.

Ibilki 2023-uztaila-abendua-zinea

Ipar Euskal Herrian euskal antzerkiaren hedapena sustatzeko asmoz, Euskal Kultur Erakundeak koordinatutako proiektua jaio zen 2013an: Ibilki dispositiboa. Ordutik, baina, beste adierazpen artistikoen zabalpenaren alde ere egin dute lan.

Seihilekotan banatuta, programan parte hartzen duten herriei bina egitarau proposatzen dizkiete, beren plazetan zein aretoetan euskal kulturaren kalitatea, bizitasuna eta aniztasuna erakutsiz, ikusgarritasuna bermatuz, eta bultzada berri bat emanez.

Bada, EKEk Ibilki dispositiboaren 12. edizioko jarduerak iragarri ditu, uztailetik abendura bitartean gauzatuko direnak. Tartean dira, antzerki ikuskizunak eta dantza emanaldiak, musika kontzertuak eta zinema saioak.

Ondoko herriek egin dute bat ekimenarekin: Ainhoa, Baiona, Senpere, Ziburu, Hendaia, Maule, Arrosa, Donapaleu, Urruña, Hiriburu, Orzatize eta Donibane Lohizune.

Zinema eta ikus-entzunezko arloari dagokionez, jarraian duzue atondutako egitaraua:

  • Uztailaren 23an, Urruñan (Pausu auzoan): Amama (Asier Altuna, 2015)
  • Abuztuaren 3an, Ainhoan (plazan): Dantza (Telmo Esnal, 2019)
  • Abuztuaren 19an, Arrosan (Pilota plazan): film laburren emanaldia
    • Zerua Blu (Lur Olaizola, 2019)
    • Positive bomb (Manex Fuchs eta Enaut Castagnet)
    • No me desperteis (Sara Fantova, 2018)
    • Nire eguneroko maitea (Manex Fuchs, Ximun Fuchs, Enaut Castagnet, 2020)
    • Muga (Enaut Castagnet, 2022)
  • Abuztuaren 23an, Ortzaizen (plazan): Urte berri on, amona! (Telmo esnal, 2011)
  • Abuztuaren 24an, Ainhoan (plazan): Agur, Etxebeste! (Telmo Esnal eta Asier Altuna, 2019)
  • Abuztuaren 29an, Ziburun (plazan): Akelarre (Pablo Agüero, 2021)

Ezagutu Ibilki dispositiboaren 12. edizioko egitaraua, HEMEN.