Lara Izagirre zinemagile bizkaitarraren bigarren film luzea ikusgai izango da uztailaren 22an, hondartza ondoko belardian, 22:00etatik aurrera. Abuztuaren 4an eta 18an jarraipena izango dute aire libreko zinema saioek.
Uztailean, abuztuan eta irailean ez da aspertzeko tarterik izango, Orion. Hondartzatik hasi eta Mutiozabal plazaraino, 20 kultur jarduerek girotuko dute 2023ko uda. Musikaz, kirolaz, antzerkiaz, zirkuaz baina baita zinemaz ere gozatzeko egitaraua atondu du udalak; ekitaldi guztiak doan dira.
Zehazki, Zinea Kalean programaren barruan, hiru film pantailaratuko dituzte aire librean, hondartza ondoko belardian. 22:00etan hasiko dituzte emanaldiak. Jarraian duzue egitaraua:
- Uztailaren 22an, larunbata: Nora (Lara Izagirre, 2020) | jatorrizko bertsioa, euskaraz
Norak 30 urte ditu, Nicolas aitite argentinarrarekin bizi da eta Meri lagunaren seme-alabak zaindu ohi ditu. Herriko aldizkariaren horoskopoa idazten du, baina bere ametsa bidaia-idazle izatea da. Aititeren heriotzak Dyane 6 zahar bat utziko dio herentzian. Norak gaizki gidatzen badu ere, noraezeko road trip-a egingo du Euskal Herriko kostaldean zehar, aititeren errautsak amatxiren errautsen ondora eramateko. Bideak laster erakutsiko dio ez dela bidaiari izateko jaio, eta bere ametsak ez zuela zerikusirik berarekin, baizik eta libre izateko, hazteko, zauriak ixteko eta lehenengo aldiz bere buruari zoriontsu izateko aukera emateko aitzakia besterik ez zela.
68. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean lehiatu zen Izagirreren bigarren film luzea, eta urtebete beranduago (2021eko irailaren 3an) iritsi zen Hego Euskal Herriko areto komertzialetara. Jarraian duzue Txomin Lasa kritikariaren iruzkina: Nora: Turista ez, bidaiaria.
- Abuztuaren 4an, ostirala: Spider-Man: No Way Home (Jon Watts, 2021) | gaztelaniazko bertsioa
Spider-Man superheroiaren historian, aurrenekoz, protagonista ezagutzara emango da jendaurrean. Ondorioz, ezin izango ditu bizitza normala egin. Strange Doktoreari laguntza eskatuko dio, baina are zailago bilakatuko da egoera.
Spider-Man: Far From Home (2019) filmaren jarraipena da, Marvel Cinematic Universe etxeak ekoiztutakoa. 2021eko Oscar sarietan efektu berezien kategorian estatuatxoa jasotzeko hautagaia izan zen.
- Abuztuaren 18an, ostirala: Little Miss Sunshine (Valerie Faris, Jonathan Dayton, 2000) | euskarazko bertsioa
Krisian dagoen estatubatuar familia bat edertasun lehiaketa bateruntz doa. Olive (Abigail Breslin), 7 urteko alaba gazteak Little Miss Sunshine deritzon edertasun lehiaketan parte hartzea amets du, urte hartan Kalifornian ospatzen delarik. Bere familia Albuquerque (Mexiko Berria) hirian bizi denez, erdipurdiko Volkswagen furgoneta zahar batean senide guztiak neskatoarekin batera joango dira.
2007an, jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen Michael Arndtek, eta taldeko gizonezko aktore onenarena berriki hil den Alan Arkinek.