Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren 2023ko edizioa gaur abiatuko dute, eta uztailaren 22ra bitartean luzatuko da. Orotara, 35 lan erakutsiko dituzte Artium Museoaren kanpoko terrazan, tartean, Araban ekoizturiko zortzi.

Korterraza Gasteiz 2023-zinea

Kultura Kalean! Elkarteak antolatuta, otsailaren 27an ireki zuten 14. edizioa izango denean parte hartzeko deialdia, eta maiatzaren 18ra bitartean izan zuten sortzaileek beren lanak bidaltzeko aukera.

Inskripzio-epea bukatuta, denera, 1.123 film labur jaso dituzte jaialdiko arduradunek, eta aire zabaleko proiekzioen lehiaketaren hautaketa batzordeak 35 proiektu aukeratu ditu. Horiek, Korterraza Araba zirkuitu ibiltariaren baitan, lurraldeko hainbat herritan erakutsi dituzte ekainaren 26az geroztik.

Aldiz, gaurtik hasita, hiriburuan programatuko dituzte, Korterraza – Gasteizko Film Laburren Jaialdiaren baitan. 22:00etan abiatuko dituzte saioak, egunero, Artium Museoaren kanpoko terrazan, eta besteak beste Actos por partes (Sergio Milan), 7 dosis de dopamina (Virginia Rodriguez), Paris 70 (Dani Feixas Roca), Amarradas (Carmen Cordoba) eta El crédito (Alex Escudero) film laburrak egongo dira ikusgai.

Ekoizpen arabarra duten zortzi film labur ezagutzeko aukera ere egongo da: El parto (Xavi Vitoria), Love is in the air (Xabi Vitoria), Artesanía (David Perez Sañudo), Malkoak (Sonia Estévez), Lugar de nacimiento (Mikel Bustamante), Lanbroa (Aitzol Saratxaga), Influencer (Nerea Torrijos) eta Psicópatas de clase media (Álvaro Herrero eta Héctor Amador).

Guztira, 8.000 euro banatuko dituzte. Besteak beste, sail ofizialeko lanek Alex Angulo Saria eta Keler Saria eskura ditzakete, eta ikus-entzuleek ere izango dute zeresanik, Publikoaren Saria-Laboral Kutxa Saria ebatziko baitute boto bidez. Komedia onena Eleyco Taldearen Sariarekin errekonozituko dute. Epaimahaia Gurutze Beitia eta Susana Soleto aktoreek eta Aitor Lopez de Aberasturi zuzendariak osatuko dute.

Musika konztertuak

Filmen emanaldiez gain, musikak girotuko du Gasteiz. Izan ere, Artium Museoaren kanpoaldean 6 talde arituko dira musika kontzertuak eskaintzen. Egunero, bi saio egingo dira (18:30ean eta 20:00etan), eta sarrera doan da.

Uztailaren 20an, osteguna:

  • 18:30ean: The Soulbreaker Company
  • 20:00etan: Rufus T. Firefly

Uztailaren 21ean, ostirala:

  • 18:30ean: Kamikaze Helmets
  • 20:00etan: MFC Chicken

Uztailaren 22an, larunbata:

  • 18:30ean: Memphis
  • 20:00etan: Sex Museum