Ondarroa sormenaren erdigune bilakatzen duen Marabilli Festibalaren 2023 edizioa aurkeztu berri dute antolatzaileek. Betiko oinarri berarekin, aurten bi eguneko iraupena izango du: urriaren 6tik 7ra.
Marabilli Sormen Festibala Aitzol Aramaio zinemagilea zenaren indarrarekin jaiotako egitasmo bat da, hainbat diziplinatako artistak Ondarroan biltzeko helburuarekin idazleak, musikariak, zinemagileak, antzerkilariak, artista plastikoak, diseinatzaileak… Eta dena bere betiko lagunek, etxekoek, eta Manuelistak Kultur Elkarteko kideek antolatua.
Sormenezkoa dela esaten dute, alde batetik, jaialdi asko daudelako alor jakin bati buruzkoak eta “guri iruditzen zitzaigun alor desberdinetako jendea biltzea dibertigarriagoa zela eta, baita ere, ez ginelako ados jartzen ze motatako jaialdia egin behar genuen”. Sortzaileek dotore geratu zitzaiela iritzi dute, antolatzen duten kultur ekimenaren kalitatearen mailara. Izan ere, Ondarroa sormenaren erdigune bilakatu ohi du urtero hitzorduak.
Transformazio baten lehen urratsak
Bada, aurtengo edizioa izango da Festibal formatuan egingo duten azkena. Festibalak betiko oinarria izango badu ere, Kirmen Uribe idazle eta Manuelistak azaldu zuen aurkezpenean aurten bi egunetara mugatu dutela jaia, “antolakuntza lanetan boluntarioak direnentzako ere errazagoa izateko festibala aurrera eramatea”. Hala eta guztiz ere, bi egunetan guztia batu arren, egitarau bete-betea antolatu dute. Hemen ikusi dezakezue.
Hitzordua urriaren 6tik 7ra ospatuko da, Ondarroan, eta zinema, hitzaldiak, lantegiak eta, noski, parranda izango dira nagusi. Sarrerak beharrezkoak izango diren ekitaldietarako hauek noiz eta non jarriko diren salgai aurrerago zehaztuko dute antolatzaileek.