Eskuragarri dago jada Etxepare Euskal Institutuaren 2022. urteko memoria-txostena. Urtean zehar abiatutako edo sustatutako proiektu eta egitasmoak bildu dituzte, tartean, zinema eta ikus-entzunezkoak.

Urtean zehar abiatutako edo sustatutako proiektu eta egitasmoak biltzen ditu Etxepare Institutuak argitaraturiko txostena, baita aurrekontu eta gobernantza organoen inguruko informazioa ere. Hala, euskarri interesgarria da erakundearen jarduna ezagutu, eta proiektuentzako aukera berriak aztertzeko.

Ikus-entzunezkoari dagokionean, esaterako, sektorea beraren nazioartekotzean fokatzen du bere jarduna. Euskal zinemari ikusgarritasuna emateko helburuarekin, ekoizpen berrienak nazioarteko zinemaldi eta programazioetan txertatzeko egiten du lan Etxepare Euskal Institutuak. Halaber, mugikortasunerako dirulaguntzak jasotzen dituzte zuzendariek eta filmen ordezkariek, euren lana nazioartean aurkezteko. Era berean, Kimuak programa babesten du, euskal film laburren urteko hautaketekin osatzen den katalogoa, nazioartean zabaltzeko helburuarekin.

  • Euskal leihoak nazioarteko zinemaldietan:

Hainbat kultur eragilerekin adostutako akordioen bidez, 2022. urtean euskal ekoizpenak ondorengo jaialdi, programazio eta kultur guneetan ikusi ahal izan dira: Malagako Zinemaldia; Festival du Cinéma Espagnol de Nantes; Different 14!; Cervantes Institutua; Cinémathèque Quebecoise; London Spanish Film Festival; Euskal Etxea Viña del Mar; Parisko Euskal Etxea.

  • KIMUAK: talentu berriaren nazioartekotzea

Programa honen bitartez urtero Euskal Herrian egindako film labur garrantzitsuenen hautaketa bat egin eta nazioarteko jaialdi nagusietara bidaltzen da. KIMUAK programak film laburren munduan lan egiten duten zinemagileak laguntzea eta hautatutako film laburrak nazioartean banatzea ditu helburu.

Fikzioa eta dokumentala izango ziren nagusi egitasmoaren 2022ko katalogoan. Hiru euskara hutsean filmatutakoak, gainerako laurak gaztelaniaz. Halaber, horietatik sei emakumezkoek zuzendu eta ekoizturikoak izan ziren. Ikusi zerrenda, hemen.

  • Mugikortasunerako dirulaguntzak: bidaia poltsak

Etxepare Euskal Institutuak urtero bidaia-poltsak ematen dizkie euskal zinemagileei euren lanak nazioarteko ekitaldietan aurkez ditzaten, betiere euskal kulturaren ordezkari bezala.

Ikusi txostena xehetasunez, hemen.