Zinemagile hasiberrien lehen film luzeak garatzeko laguntza eskaintzen duen Locarno Residency topaketak aurtengo ediziorako aukeratutako lanen zerrenda iragarri du. Horien artean, Irati Gorostidiren Anekumen filma.

Locarnoko Residency topaketak laguntza eta orientazioa eskaintzeko xedez sortu zen, zinemagile askorentzat funtsezko pase-erritua den lehen film luzea garatzeko prozesuan. Locarnoko Zinemaldia beti nabarmendu da talentu berrien aurkikuntzarako plaza gisa, eta bere helburuarekin bat eginez, ekimenak aukera bat eskaintzen die lehen urratsak ematen ari diren zinemagile gazteei, online saioen eta taldekako eztabaiden bidez.

Ekimenaren lehenengo fasea, hamar parte-hartzailerentzat irekia, Zinemaldiaren hurrengo edizioan egingo da. Abuztuan, parte-hartzaile bakoitzak bere kontzeptu zinematografikoez hitz egin ahal izango du zinema industriako hiru pertsona ospetsuk osatutako epaimahai batekin, eta, ondoren, honek hiru proiektu aukeratuko ditu: nazioarteko bi eta suitzar bat.

Aukeratutako hiru parte-hartzaileak 2. fasera igaroko dira. Abenduan ekingo diote bigarren mentoretza aldiari, eta online zein aurrez aurreko saioak izango dira, urtebeteko iraupenarekin.

Anekumen

2022ko KIMUAK sortan hautaturiko Contadores film laburra oinarri, Anekumen printzipio iraultzaileak bizitzako eremu intimoenetara bideratzeko prozesuan oinarritzen da.  Egileak azaldutakoaren arabera, “70ko urteetako mugimendu autonomoan dago girotua, eta langileek prozesu asanblearioengatik duten gaitzustea ez ezik, langileen mugimenduaren atomizazioa ere miatzen du. Halaber, desengainu politikoaren ostean izan ohi den erreakzioaren gainean hausnartzen du: gizarte-eredu txiki eta isolatu bat bilatzea, ideal politikoak abian jartzeko, bide horrek dakartzan kontraesan aldrebesetan sakonduta”.

Donostia, 1978. Fabrika batean hitzarmen polemiko bat sinatuko dute, eta militante libertarioen talde bat bildu egingo da komunikatu bat inprimatzeko. Lantokian agerikoa da langileen mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari dela eta beren proiektu politikoa garrantzia galtzen ari dela. Desilusioak jota, euren bizitzetako eremu intimoenetara bideratuko dituzte ahalegin iraultzaileak. Kide erradikalenek fabrika uztea erabakiko dute, Nafarroako mendietan komuna libertario bat eratzeko.

Apellaniz y De Sosa ekoiztetxearen babesa du atzetik, eta dagoeneko ibilbide luzea egin du nazioarteko hainbat merkatutan. Azpimarratzekoa da, besteak beste, 2022an Donostia Zinemaldiaren esparruan garatzen den Ikusmira Berriak programan parte hartu zuela; 2023an, aldiz, Indie Lisboako ‘Co-production Forum’ ekimenean hautatu dute, eta berriki FIDLaben Culori Award saria jaso du.

Irati Gorostidi zuzendaria, aldiz, euskal zinemaren promesa handienetako bat da. Berriki, Contadores film laburra Cannesko Kritikaren Astean estreinatzeko aukera izan du, eta nazioarteko hainbat jaialditan ere aukeratua izan da, esaterako, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi – Tabakalera sailean.