Donostia Zinemaldiak sail guztietako filmak zein jaialdian hautatuak izan ez diren Espainiako eta Latinoamerikako proiektuak biltzen dituen Bideoteka zerbitzura lanak aurkezteko epea zabaldu du. Izen-ematea irailaren 18ra arte izango da zabalik.
Donostia Zinemaldian akreditatzen diren industriako profesionalek jaialdian eskaintzen diren filmak aurrez aurre ez ezik, Bideotekan ere ikusteko aukera izaten dute, baldin eta filmen ordezkariek hala nahi badute. Horretarako, sail guztietako filmak bertan inskribatzeko epea zabaltzen dute, jaialdia amaitu eta beste hilabetez, urriaren 30era arte, horiek nahi beste ikuskatzeko.
Bideoteka CinandoVLek, Marché du Film – Festival de Cannes ekimenak sortutako industriako profesionalei zuzendutako plataformak, ematen duen zerbitzua da. Honako film hauek ikusi ahalko dira (60 minutuko iraupena izango dute gutxienez): Ikusgai egoteko baimena ematen duten Zinemaldiko sail guztietako film hautatuak; plataforman izena emandako film hautatu bakoitzeko, salmenta-eragilearen katalogoko beste film bat, azken urtean ekoizturikoa; Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako proiekturen bat edo WIP Latam nahiz WIP Europa ataletan hautatutako filmen bat duten zuzendarien lehenagoko film luzeak.
Era berean, enpresa bakoitzak gehienez hiru film inskribatu ahal izango ditu, baldintza hauek betetzen badituzte:
- Gutxienez 60 minutuko iraupena izatea.
- 2022eko urritik 2023ko irailera bitartean mundu mailako estreinaldia izatea.
- Espainian edo Latinoamerikako herrialde batean ekoitziak izatea.
Era berea, inskribatutako film luze bakoitzeko tasa honako hau da:
- 75 € (%21eko BEZa barne) Espainian edo Latinoamerikako herrialde batean ekoitzitako filmetarako.
- 40 € (%21eko BEZa barne) Euskal Autonomia Erkidegoan ekoitzitako filmetarako (ekoizlearentzako doako akreditazioa barne).
Film bat bideotekan inskribatzeko azken eguna 2023ko irailaren 18a izango da, astelehena, eta esteka honetan jasotako jarraibideak hartu behar dira kontuan.