2D teknika erabiliz sortutako animaziozko lan onenaren kategorian sartu dute DigiPen Europe Bilbao eskolako ikasleek ondutako film laburra. Uztailaren 27an jakinaraziko dituzte irabazleak.

Rookie Awards 2023-zinea

Malagako Zinemaldian, Athen Animfest-en, Cannesko Marché du Films merkatuko 2cool4school atalean eta Annecyko Jaialdian parte hartzetik dator DigiPen Europe Bilbao eskolako Pablo Rios ikaslearen Conej Steps Out animaziozko film laburra, eta Basque Audiovisualek jakitera eman duenez, Rookie Awards 2023 sariketan finalista izendatu dute.

Sortzaile berrien ekoizpenak aitortzen dituen ekitaldia da, animaziozko lanak, bideo-jokoak, efektu bereziak edota 2D-3D sorkuntza onenak saritzen dituena. Zazpi minutuko iraupena du Conej Steps Out-ek, eta 2D teknika erabiliz sortu du. Hain zuzen ere, Rookie of the Year – 2D Animation kategorian lor dezake Riosek loria. Ondokoa kontatuko du: Claire neska-lagunari oparirik onena emateko asmoz, Conej kosmosera eta haratago bidaiatzeko prest dago. Espazio-ontzi bat eraikiko du, ilargira elkarrekin bidaiatzeko asmoz.

Gaur egungo animaziozko lanen ezaugarri eta kodeei aurre egiteko miresmenez ondu du Riosek filma, eta Leyre Zapata, Aitor Olano eta Bruno Santoro ikaskideak izan ditu bidelagun. Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiaren parte hartzea du proiektuak, izan ere, soinu banda konposatzeaz eta soinuaz arduratu dira.

Animazioari gorazarre

Eskuz marraztutako irudien garai eskainitako film laburra da Conej Steps Out, hala, sortzaileek adierazi dutenez, “animazioaren izaera artistikoa” goratu nahi izan dute: “Animazioa ez da soilik zinema. Askoz gehiago da”.

Hala azaldu du Riosek berak: “Uste dut animazioak surrealismoko errusiar mendia izan behar lukeela. Giza emozioak eta esperientziak goraipatzeko eta imajinaezinezko altuerak lortzeko ahalmena dugu. Emozioa ez da beti arrazionala. Animazioa margolan bat begiratzea bezalakoa da, Fred Astaireen dantza bat ikustea edota melodia eder bat entzutea bezalakoa: horixe egiten saiatu gara filmean, Conej aspaldiko lagunarekin”.