Amat Vallamajor del Pozok zuzendu duen lana Ribes de Freserreko (Girona, Herrialde Katalanak) zinema jaialdiko sail ofizialean lehiatuko da, irailaren 14tik 23ra bitartean. Estibaliz Urresolaren film laudatua, aldiz, emanaldi berezien baitan pantailaratuko dute.
73. Berlinale zinemaldiaren baitan izan zuten Misión a Marte eta 20.000 especies de abejas filmek mundu mailako estreinaldia, eta ostean, Bartzelonako D’A Film Festival jaialdian elkartu ziren. Bada, orain, bata zein bestea berriz itzuliko dira Herrialde Katalanetara, Gironara hain zuzen ere.
Irailaren 14an ekingo diote Festival Gollut – Festival de cinema a Ribes de Freser zinemaldiari, eta hilaren 23ra bitartean luzatuko da. Autore zinema goratzen duen eta konpromiso etiko zein estetikoaren alde egiten duen jaialdia da, eta aurten, landa-eremuetan jarri dute fokua, horien kontaketa hegemonikoak zalantzan jartzeko abiapuntutik.
Sail ofizialean, Amat Vallamajor del Pozok zuzendu eta MUXIKA ZINEMA ekoiztetxe donostiarraren babesa duen lana lehiatuko da: Cinema de Catalunya zinema aretoan egingo dute emanaldia, uztailaren 16an, 19:00etan.
Zientzia fikzioa, drama familiarra eta surrealismoa uztartuko ditu Vallamajor del Pozoren opera primak. Road-movie futurista da, eta Hego Euskal Herri post-apokaliptikotan dago girotuta, Martera joan nahi duten bi anai protagonista dituelarik. Elias Querejeta Zine Eskolan sorkuntza masterreko ikasle izanik garatu du zinemagileak bere lana, euskal lurraldeetan eta Katalunian 16mm-ko kamerarekin errodatutakoa. Soinu banda, Hertzainak-en musikarekin osatu dute, izan ere, filmean aktore den Gerardo “Gene” del Pozo taldea gasteiztarraren hainbat hitzen sortzailea ere bada.
KRITIKA: Misión a Marte: Ta zer ez da berdin!
Bestalde, Berlingo Zinema Jaialdian izan zuen Urresolak zuzendutako eta Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako 20.000 especies de abejas lanak mundu mailako estreinaldia, eta arrakastatsu suertatu zen. Izan ere, Sofia Otero aktore gazte basauriarra aitortu zuten sail ofizialeko interpretazio onenaren Zilarrezko Hartzarekin. Malagan lehiatu zen filma ostean, eta Patricia López Arnaiz taldeko emakumezko aktore onena izendatu zuen epaimahaiak. Hong Kongen, aldiz, emakumeen aktore-talde guztia nabarmendu zuten, Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdian bezala.
Hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz ekoizpenak: Coco da filmeko protagonista, 8 urte dituen haur trans bat, amarekin eta neba-arrebekin amaren jaioterrira uda pasatzera joango dena. Euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez dago errodatuta, eta bere aurreko lanetan bezala, ia erabat emakumez osatutako lan-taldea du filmak. Ribes de Freserreko biztanleek uztailaren 14an ikusi ahalko dute lana, herriko zinemaldiaren baitan, Sant Antoni ermitan.
KRITIKA: 20.000 especies de abejas: Aniztasunaren jainkoak
Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia ireki zuen apirilaren 21ean 20.000 especies de abejas filmak, eta egun berean Hego Euskal Herriko eta espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan egon zen ikusgai. EZAE – Euskadiko Zinema Aretoen Elkarteak jakitera eman zuenez, Estibaliz Urresolaren opera primak 17.000 ikus-entzule bildu zituen lehen asteburuan Araban, Bizkaian eta Gizpuzkoan; estreinaldirik onena izan zen.