Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko Ikus-entzunezko Komunikazioko ikasle Victoria Ladronek, Alba Gomezek eta Josue Martinezek sortutako De buenas a primeras film laburra Cantabria en Corto lehiaketarako aukeratu dute. Kimuak ekimenaren homologo kantabriarrak estatuko eta nazioarteko 200 jaialditan aurkeztuko du lana.
“Autoz egindako bidaia batean hizketan ari diren bi lagunen istorioa kontatzen du lanak; horietako batek senargaiarekin harremana utzi nahi du, baina ez daki nola egin, eta lagunak entzun eta aholkuak emango dizkio. Hala ere, publikoak espero ez duen ezusteko bat dago”, azaldu du Ladronek. Alba Gomezekin batera zuzendu du filma, eta Josue Martinez arduratu da argazki zuzendaritzaz. Lana 48 ordutan filmatu eta editatu zen, jatorrian Zinebi Express lehiaketan aurkezteko sortu baitzen; hain zuzen, aipamen berezia jaso zuten bertan.
Film laburrak, Leku Films, Ladronek eta Martinezek sortutako ikus-entzunezko ekoiztetxe independentearen zigilua darama. “Proiektua unibertsitateko lan gisa hasi zen, baina emaitza eta gure arteko harremana ikusita, aurrera jarraitzea erabaki genuen”, azaldu du argazki zuzendariak. Bide horretan, inflexio puntua suposatu du De buenas a primeras filmaren sorrerak, bai maila indibidualean bai ekoiztetxe gisa. “Karrera amaitu gabe Cantabria en Corto lehiaketarako hautatuak izatea harritzekoa eta harrotzekoa da”, aitortu du zuzendariak. “Gainera, film laburraren banaketak erraztasun asko ematen ditu; izan ere, Bartzelonako Mecal Pro 2023 nazioarteko jaialdirako hautatu gaituztela jakinarazi berri digute”, azaldu du Martinezek. Izan ere, film laburrak sustatzeko programa kantabriarrak Espainiar estatuko eta eta nazioarteko 200 jaialditik goran aurkeztuko du filma.
Aurrera begira ere, ez zaie lanik falta, haien proiektuak egiteaz gain, enkarguzko lanak eta gustuko dituzten lanen babesletza tartekatzen baitituzte: “Egin ditugun dokumental eta bideoklip batzuk ordaindu egin dizkigute –azaldu du Martínezek–; aldiz, film laburretan egiten ditugun lankidetzak eta zuzendari berriei emandako laguntza musu-truk egiten ditugu, inbertitutakoa jaialdi edo lehiaketaren batean berreskuratzeko itxaropenarekin”, gaineratu du Ladronek.
Ikusi EHUrentzat egindako adierazpen osoak, hemen.