Besteak beste, soldaten igoera eta Adimen Artifizialarekiko babes handiagoa du aldarri SAG-AFTRA aktoreen sindikatuak. Ostiralaz geroztiko lanuzteak eragin zuzena izango du filmen estreinaldi eta promozio kanpainetan, eta zinema jaialdi zein sari-banaketak kolokan egon litezke.

Hollywood greba-zinea

Argazkia: Mike Blake (Reuters)

63 urte dira horrelakorik gertatzen ez zela. Hollywoodeko aktoreak ordezkatzen dituen SAG-AFTRA sindikatuak bat egin du 2023ko maiatzaren 2az geroztik protestan ari diren gidoilariekin, eta ondorioz, zinema-industria estatubatuarra erabat geldiarazi dute: datozen asteetan ez da estreinaldirik, filmen promoziorik edota sari-banaketarik izango, eta akordiorik sinatu ezean, zinema jaialdiei ere eragin diezaieke.

Ostegun gauerdian iragarri zuten ofizialki AEBko zinema eta telebistako aktoreek grebaren hasiera, eta kaleak zein estudioak hartu dituzte. Guztira, 160.000 kidek egin dute bat etenaldiarekin, eta denen buru ageri den Fran Drescher aktoreen sindikatuko presidenteak eskatzen ari diren lan-baldintza hobekuntzak eta lan-duintasuna lortu arte amorerik emango ez dutela ohartarazi du.

Soldata igoera eta Adimen Artifizialarekiko babes handiagoa dute aldarri, baita streaming plataformetako emisioen irabazien bidezko banaketa monetarioa ere. “Errespetua” eskatu dio sindikatuko presidenteak zinema eta telebista ekoizleen elkarteari (AMPTP), “entitate diruzale baten biktimak” direla salatuz. Lan-gatazkari lehenbailehen konponbidea aurkitu beharraz mintzatu da, bestalde, Bob Iger, Disney etxeko ordezkaria. Egindako kalkuluen arabera, gidoilarien lanuzteek 30 milioi dolarreko (27 milioi euro) galera suposatu izan dute orain arte egunero, eta aktoreak batu zaizkienez gero, okerrerantz egingo du egoerak.

Etenaldien ondorioak

Ekainaren 30ean amaitu zen SGA-AFTRA sindikatuak estudioekin zuen lan-hitzarmena, eta baldintzak berrikusteko proposamena mahaigaineratu zieten. Besteak beste, soldataren igoera (% 11), eta streaming plataforma batean filma edo telesaila emititzean jaso izan duten diru-kopurua handitzea.

Lau hilabetez luzatu dira negoziazioak, eta bazirudien uztaila hasieran lehen akordioa ontzat emango zuela aktoreen sindikatuak, baina iragan astean desadostasunak medio, ezin izan zen ondu. Azpijokoak argudiatuz, Drescherrek eta negoziaketan parte hartu duen Duncan Drescher SGA-AFTRAko zuzendari nagusiak greba orokorra deitu zuten, aktoreei ondoko zereginak galaraaziz: ezingo dute kamera aurrean agertu (interpretatu, abestu, dantza egin, ahotsak bikoiztu etab.), publizitate kanpainetan parte hartu (filmen estreinaldiak edota promozioak, elkarrizketak, argazki-saioak), ezta talks show edota bestelako programetan ere agertu.

Ostiralean bertan sartu ziren neurriok indarrean, eta bete-betean harrapatu ditu 2023ko uda garaian estreinatzekoak diren bi ekoizpen garrantzitsuenak: Oppenheimer (Christopher Nolan) eta Barbie (Greta Gerwing). Hain zuzen ere, lehenengoan aktore aritu diren Cillian Murphy eta Emily Blunt Londresen ziren filma aurkezten, eta grebaren hasieraren berri izan bezain laster alde egin zuten.

Batean zein bestean zabaldu denez, iraila bukaera arte iraun lezake geldialdiak, baina zineman industria estatubatuarraren uzta gutxitu egingo da halabeharrez. Zinema jaialdietara ez lirateke filmak iritsiko, eta ondorioz, horiek beren egitaraua osatzeko arazoak izango lituzkete. The Hollywood Reporter agerkariak aurreratu duenez, Veneziako Mostra eta Torontoko Zinema Jaialdia hasi dira dagoeneko ezohiko egitaraua izan litekeena prestatzen, Europako eta Asiako ekoizpenekin. Zinemaldi italiarra, gainera, erlojuaren kontra ari da lanean, izan ere, uztailaren 25ean da aurtengo edizioko programazioa iragartzekoa.

Sariketei dagokionez ere, telebista-industriako festa handiko (Emmy sariak) antolatzaileek iragarri dute aurtengo ekitaldia atzeratzeko asmoa dutela. Azaroan grebak bere horretan jarraituz gero, Oscar sariak kolokan egongo lirateke ere, eta publizitatetik erabat bizi den ekitaldia izanik, larritzat jo dute afera; Estatu Batuetako Gobernuak bitartekari-lanak egingo dituela aurreikusten dute.

Izaera globala duen industria izanik, grebak nazioarteko ekoizpenetan ere kolpatuko du, batez ere, Kanadan eta Erresuma Batuan. Euskal Herriko zinema aretoetan bestlea sumatuko genuke grebaren itzala. Hollywoodeko estreinaldirik ezean, film europarrek edota asiarrek beteko lituzkete nagusiki karteldegiak, eta lurraldeko ekoizpenek aste gehiagoz irauteko aukera izango lukete, printzipioz. Donostia Zinemaldiaren 71. edizioa iristear dela, euskal ekoizpena edo koprodukzioa duten lanak espero ditugu ohi legez, eta aukera aproposa izan liteke horien ikusgaitasuna edo ikusahalmena handitzeko. Jose Luis Rebordinos zuzendariak ekoizpen espainiarren aurkezpen agerraldian aipatu duenez, AEBko izar batekin ari dira hizketan, biagrren Donostia Sariaren harira, eta grebak iraungo balu, ezingo luke aitortza jaso.