Donostia Zinemaldiko 71. edizioko sail ofizialean lehiatuko dira bi zinemagile donostiarrak: Sultanaren ametsa animaziozko ipuin feministarekin eta galizieraz errodatutako O Corno lana aurkeztuko dituzte, hurrenez hurren. Irati Gorostidiren Contadores film laburra eta Ion de Sosaren Mamántula film ertaina, aldiz, Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko dituzte.

SSIFF 2023 zinema espainiarra-zinea

Sail ofizialeko aurrerapenaren ostean, Donostia Zinemaldiak 71. edizioan ikusgai egongo diren zenbait euskal eta espainiar ekoizpenen berri eman du, gaur. Madrilen kokatutako Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan, erakundeko zuzendariordea den Rafael Portelak eta Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak argitu dute zerrenda: 14 lan guztira, 9 film luze, film ertain bat, film labur bat eta hiru telesail.

Irailaren 22tik 30era bitartean egingo den ekitaldiko sail ezberdinetan euskal partaidetza duten lanak lehiatuko dira, eta guztien buru, Urrezko Maskorra irabazteko bi hautagai: Isabel Herguera zuzendari eta artista bisual donostiarraren Sultanaren ametsa animaziozko lan feminista, eta Jaione Camborda herrikidearen O Corno, galizieraz filmatutakoa. Hergueraren opera primak Bangladeshko Herri Errepublikan jaiotako Begum Rockeya Hossainek 1905ean idatzitako ipuin bat du oinarrian, bere bizipenaz gain, emakumeek gobernatutako Ladylan mundu utopikoaren istorioa kontatzen duena. Ikus-entzunezko egokitzapenak EiTBren parte hartzea dauka, eta lan-taldeko kide gehienak emakumezkoak dira. Herguerak hainbat teknika erabiliz sortu du lana, akuarelazko 2D edota mehndi estiloak, besteak beste; Zinemaldiko sail ofizialean lehiatuko den lehen animaziozko film europarra bilakatu da.

Aldiz, Arima (2020) film luzearekin debuta egin ostean, bere bigarren ekoizpena aurkeztuko du Cambordak Donostian (Ikusmira Berriak programan garatutakoa): Galiziako landa eremuan girotuta, 1970eko hamarkada hasieran, erditzeetan laguntzen aritzen den Maria du protagonista, gertaera ikaragarri baten ondoren, bizi den uhartetik ihes egin beharko duena.

Ibilbide profesional luze eta aitortua badu ere, Isabel Coixet zinemagile kataluniarrak orain arte ez du sekula Urrezko Maskorra irabazteko aukerarik izan. Baina iritsi zaio: izen bereko Sara Mesa idazlearen eleberriaren egokitzapena da Un amor filma. Javier Ambrossi eta Javier Calvo madrildarren La Mesías zazpi ataleko telesaila, bestalde, lehiaketaz kanpo erakutsiko dute. Sortzaileek thriller familiar gisa definitu dute, eta espainiar zinemagintzako aktore ezagun askoren parte hartzea dauka: Roger Casamajor, Macarena García, Lola Dueñas, Carmen Machi, Ana Rujas, Albert Pla, Amaia, Biel Rossell edota Cecilia Roth.

Sail ofizialean baita ere, baina emanaldi berezien artean, Fernando Truebak eta Javier Mariscalek zuzendutako They Shot the Piano Player animaziozko lanean Tenorio Jr. musikari brasildarraren figura aldarrikatuko dute, bossa nova musika-mugimenduaren hastapenen erretratua eginez.

Gainerako sailak

2022ko KIMUAK sortan hautatua izan ostean, Cannesko Zinema Jaialdiaren Semaine de la Critique atal paraleloan eman zituen nazioarteko lehen urratsak Irati Gorostidiren Contadores film laburrak, eta nazioarteko hainbat zinema jaialditik ere igaro da. Irailean, Zabaltegi-Tabakalera sailean erakutsiko dute, iaz Donostian hasitako ibilbidea nolabait borobilduz. Sail berean, Ion de Sosa urnietarren Mamántula film ertaina egongo da ikusgai, gizakiz trabestitutako armiarma erraldoi protagonista duena.

Alberto Martín Menacho madrildarraren Antier noche (Ikusmira Berriak egonaldian garatutakoa eta Visions du Reel jaialdian estreinatutakoa) eta An Pham Thien vietnamdarraren  Bén Trong Vo Ken Vang (Cannesko zinema jaialdian saritutakoa) ere lehiatuko dira bertan.

Zinemagileen lehen edota bigarren film luzeak goratzea asmo duen New Directors atalean, Javier Macipe zaragozarrak La estrella azul aurkeztuko du. Horizontes Latinos atalean, halaber, Martín Benchimol eta Dolores Fonzi argentinarrek El castillo eta Blondi erakutsiko dituzte, hurrenez hurren.

Azkenik, Donostiako Belodromoko pantaila erraldoian bi telesail pantailaratuko dituzte. Batetik, Santiago Bacana, Cristina Trenas eta Rogelio Gonzalez madrildarrek zuzendutako Esta ambición desmedida, C. Tangana artistaren sorkuntza-prozesua esploratuko duena. Bestetik, Movistar Plus+ etxearen ekoizpena den El otro lado, Berto Romerok sortu, diatzi eta interpretatutakoa. Javier Ruiz Calderak zein Alberto de Torok zuzendu dute. Nacho izeneko kazetari baten istorioa kontatuko du, fenomeno paranormaletan espezialista dena: bolada txar bat izaten ari da lan arloan eta bizitza pribatuan.