Alive FVX & Design estudioa arduratu da sorkuntzaz, Nerea Torrijos jantziteria diseinatzailea buru. Marta Fresnillok ateratako argazkia izan dute abiapuntu.
Josemi Beltrán Donostia Kulturako zinema programazioko arduradunak eta Itziar Ituño aktore basauriarrak Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen 2023ko ekitaldiaren kartel nagusia aurkeztu dute, gaur, Victoria Eugenia Antzokian. Nerea Torrijos jantziteria diseinatzailea eta Goya sariduna –Akelarre (Pablo Aguero, 2020)- buru, Alive FVX & Design estudioa arduratu da sorkuntzaz, Marta Fresnillok ateratako argazkia abiapuntu.
Azaldu dutenez, kartelean, “Ituñok sorgin dual bat hezurmamitzen du, argitsua eta iluna, boteretsua eta bihozbera aldi berean”. Sorginaren irudikapen topikoenetatik ihes egitea izan dute asmo, Magia atzitu nahian: “Tarot karta itxurako diseinuak aspaldiko esentzia sotilagoekin konektatu nahi du, orakulu grekoekin, arkanoekin… bi magien indarra bilduta”.
34. edizioa urriaren 27tik azaroaren 3ra egingo dute, eta oraindik ere, zabalik da izen-emate deialdia. 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera errodatutako 30 minutu baino gehiagoko beldurrezko zein fantasiazko lanak bidali daitezke, abuztuaren 15era arte.
Sorginak – Bruixes
2023ko Beldurrezko Astearen kartelaren iruditeria ez da kasualitatea. Izan ere, ekainean jakinarazi zutenez, TerrorMolins – Molins de Reiko Beldurrezko Zinema Jaialdiarekin lankidetzan sorginen munduan oinarrituko dituzte bi hitzorduak.
Sorgina, bere dimentsio guztietan, beldurrezko zinemaren publikoa liluratzen eta izutzen jarraitzen duen pertsonaia bat da, generoaren inspirazio iturri ere izan dena sorreratik. Baina esanahi berri bat ere hartu du azken urteotan, emakumeen ahalduntzearen eta zapalkuntza patriarkal eta erlijiosoaren aurkako erresistentziaren sinbolo bilakatuta. Horren adibide dira, esaterako, The Lords of Salem (2012), The Love Witch (2016) edota Akelarre filmak, besteak beste.
Euskal Herrian, sorgina hitzak “zoriaren egile” edo “sortzaile” adiera har lezake. Kataluniako sorginek, berriz, bruixa hitza erabiltzen zuten, latinezko bruxa edo brutia (“haginkari” edo “zupatzaile”) terminoan jatorria duena. Biek arrasto sakona utzi dute herri kulturan, eta hori elezaharretan, lekuetan eta jaietan geratu da islatuta. Euskal Herrian, Zugarramurdiko Leizea edo Sorginen Leizea dago, akelarreak egiten ziren lekua. Katalunian, Montsoriu gaztelua, Sant Feliu de Sasserran, edo Molins de Reiko plaça de les Bruixes, non sorginak bizi edo biltzen omen ziren.