Polonia Txikiko voivoderrian kokatutako Myślenice hirian Dantza (Telmo Esnal, 2018), Bertsolari (Asier Altuna, 2011) eta Amama (Asier Altuna, 2015) film luzeak erakutsiko dituzte uztailaren 10etik 19ra bitartean.

ETNOkino jaialdia-zinea

‘Tradizioaren 9 elementu’ lemapean, gaur abiatuko dituzte Małopolskako Nazioarteko Folklore Topaketak, Polonia Txikiko voivoderrian (Polonia). Dantza, musika, kantu, artisautza, gastronomia edota zinemarekin lotutako jarduerak propsoatuko dituzte, hiru hiritan: Miechówen, Krakovian eta Myślenicen. Hain zuzen ere, azken honetan, aurrenekoz antolatu dute ETNOkino Zinema Jaialdia, eta Profuturis Fundazioarekin eta Myśleniceko Muza zinemarekin elkarlanean, gai etnikoak (gaur egungo auziak zein iraganekoak) ardatz izango dituzten ekoizpenak ezagutzeko egitaraua atondu dute.

Saioak 21:00etan abiatuko dituzte, egunero, eta bertaratzen direnek, besteak beste, euskal kulturan eta identitatean barneratzeko aukera izango dute, Txintxua Films ekoiztetxearen hiru film luze bidelagun dituztela.

  • Uztailaren 10ean: Dantza (Telmo Esnal, 2018)

 Euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta, sormenezko pelikula libre bat da Dantza, bizitzaren zikloaren istorioa eta gizakiaren eboluzioa erakusten duen fikziozko film musikal bat. Film honetan, dantzen bitartez gai unibertsal asko jorratzen dira; besteak beste, bizirautea, sinesmena, festa, maitasuna eta heriotzaren kontrako etengabeko borroka. Aldi berean, abestiez, keinuez eta erritmoaz lagunduta narrazio sinple baina argia osatzen da.

 Bertsolari bidaia bat da bat-bateko poesian, isiltasunean eta arte biluzian barrena. Bertsolariak euskaraz abestutako bat-bateko bertsoak sortzen ditu. Ahozko tradizio hau denborarekin aldatu eta garaietara egokitu da. Hala, belaunaldi gazteenekin ere konektatu du, eta azken txapelketan 14.000 ikusle zituen. Estetika soileko artea izan arren, oraindik ere harrigarria gertatzen da gauza ikusgarriz eta efektu bereziz betetako garai honetan.

  • Uztailaren 19an: Amama (Asier Altuna, 2015)

Familia bat, bi mundu. Jatorri bat, bi norabide. Baserria eta kalearen arteko gatazka, tradizioaren eta bizimodu berriaren arteko talka, guraso eta seme-alaben arteko ezin ulertua. Bizitza ulertzeko eta bizitzari aurre egite bi modu, elkarren aurka. Eta badoan mundu baten eta badatorren beste baten aurrean, lekuko isil, amama.