Lehen mailako hezkuntzako eskolei euskarazko animaziozko filmak eta laguntza pedagogiko egoki bat eskaintzeko asmoz sortutako Zineskola dispositiboak  2022-2023 ikasturteko datuen berri eman du: bi film eskaini dizkiete 92 ikastetxeko ikasleei, 11 zinema aretotan. Ekimenak jarraipena izango du 2023-2024 aldian ere.

Zineskola-zinea

Euskarazko zinemaren sustapenaren alde agertuz, Euskal kultur erakundeak Zineskola dispositiboa gidatzen du 2017az geroztik. Cinéma & Cultures, Cinévasion, Zineuskadi, IKAS euskal pedagogia zerbitzua eta Hezkunde Nazionala ditu egitasmoak partaide, eta lehen mailako irakasle euskaldunei euskarazko animazio zinemaren inguguko ibilbide pedagogiko batean inplika daitezen proposatzea dute denek ere helburu.

COVID19aren pandemiak eraginda, bertan behera utzi behar izan zuen EKEk Zineskola dispositiboa 2020an, baina indarberrituta itzuli zen 2021-2022 ikasturtean. Aurten ere martxan izan da programa, eta iaz baino ikasle eta ikastetxe gehiagok izan dute parte hartzeko aukera.

2022-2023 aldian, bi izan dira ikusgai izan dituzten filmak: Barraskiloa eta balea eta itsasoko beste ipuin batzuk (Max Lang, Daniel Snaddon, Aliona Baranova, Barbora Valecká, Filip Pošivač eta Fabrice Luang-Vija, 2021) eta Orkestra Lurtarra (Imanol Zinkunegi eta Joseba Ponce, 2022). Horiek,  Ipar Euskal Herriko 4.334 ikasleri erakutsi dizkiete, 11 zinema gelatan. Guztira, 119 emanaldi egin dituzte, eta 92 ikastetxek parte hartu dute. Ekimenak jarraipena izango du 2023-2024 aldian ere.

Irakasleak zein ikasleak heziz

Irakasleak formatuko dituen edukiak atontzen ditu Zineskola dispositiboak, eta behin formakuntza saio horiek jasota, beren ikasleekin urtero ikusgai dituzten bizpahiru filmen bidez lantzen dituzte.

Programak euskarazko animazio filmak ezagutarazteko aukera eskaintzen die lehen hezkuntzan matrikulatuta dauden Ipar Euskal Herriko ikasleei, lurraldeko hainbat zinema aretoetan antolatzen dituzten emanaldien bitartez. Laguntza pedagogikoa eskaintzea, eta hizkuntza eskola eremutik kanpo erabiltzeko bultzada ematea da, oro har, egitasmoaren helburu nagusia.