Liburuen ilustrazioak zinema bihur daitezke? Premisa horretatik abiatuta, ikus-entzunezko collagean eta artxiboko materialean oinarritzen diren egileen filmak izango dituzte hizpide, uztailaren 11tik 14ra bitartean Donostiako Tabakaleran egingo duten lantegian. Maria Elorza zinemagilearen gidaritza izango du.
Bilaka al daitezke liburuan ikus-entzunezko? Eta diskoen azalak? Edo aldizkari bateko argazkiak? Nola sor daitezke kamerarik gabeko filmak? Galdera hauek izango ditu abiapuntu Zine-collage lantegiak.Parte-hartzaileak MediaLab-en funtsetan (liburuak, diskoak, aldizkariak, fanzineak, filmak…) murgilduko ditu, eta filmak egingo dituzte horiek erabilita. Eskuekin, bideo-edizioko programekin, eta batzuetan kamerarekin, lan egingo dute, baina, batez ere, irudiekin amets egiteari eta istorioak kontatzeko duten ahalmenari gustua hartzeko saioak izango direla aurreratu dute antolatzaileek.
Hala, lau egun horietan, ikus-entzunezko collagean eta artxiboko materialean oinarritzen diren egileen lanak ikusi eta komentatuko dituzte ere, gerora sortuko dituzten filmentzako inspirazio iturri izan daitezen.
Saio sortaren amaieran, interes eta memoria pertsonaletatik abiatuta, taldean partekatu eta gozatzeko azken pieza bat sortuko dute parte-hartzaileek.
Maria Elorza
Maria Elorzak (Vitoria-Gasteiz, 1988) hainbat film labur zuzendu ditu, horien artean Gure hormek, Ancora lucciole eta Quebrantos ezagunak. 2015 eta 2020 artean Tabakalerako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren “zigarro-egile” bat izan zen. Hain zuzen ere, han igarotako urteetan, Donostiako eta Rotterdameko jaialdietan estreinatutako A los libros y a las mujeres canto bere lehen film luzerako materialak sortzen eta biltzen hasi zen.