Irati Gorostidiren Contadores filmak Fikziozko Film Laburren atalean parte hartuko du Guanajuato Film Fest jaialdian (San Miguel de Allende, Guajanato, Mexiko). Apellaniz y de Sosa, Tractora eta Pirenaikak ekoitzitako filmak, 70eko hamarkadako negoziazio sindikala kontatzen du, aktore ez-profesionalek osatutako castingaren bidez.

2022ko KIMUAK sortan hautaturiko laburrak, Cannesko Zinema Jaialdiaren Semaine de la Critique atal paraleloan eman zituen nazioarteko lehen urratsak, iraupen laburreko nazioarteko beste bederatzi proiektuekin batera, Prix Découverte Leitz Ciné saria irabazteko hautagai izan baitzen.

Bada, itsasoz beste aldera bidaiatuko du oraingoan, Mexikora, Guajanato estatuan kokaturiko San Miguel de Allende hirira. Izan ere, uztailaren 20tik 31ra bitartean ospatuko da bertan Guanajuato Film Fest, eta fikziozko film laburrei eskainitako atalean lehiatuko da Contadores lana. Bi emanaldi egingo dituzte, hilaren 20an (Leongo Teatro Estudio aretoan) eta 26an (San Miguel de Allendeko Luciernaga aretoan).

Fabrika, langileak, lan-hitzarmena

Hausnarketa, eta erabaki-hartze kolektibo eta parte hartzailea dira Contadores film laburraren bihotza: Militante libertario talde batek 1978ko gau bat panfleto bat inprimatzen igarotzen du. Gipuzkoako metalaren hitzarmena laster berrituko denez, borrokarekin jarraitzeko beharra defendatu dute. Transkribatzen eta inprimatzen duten bitartean, harreman pertsonalei buruz hausnartzen dute eta komunitateko bizitzari buruz espekulatzen dute. Hurrengo egunean, lantegiaren sarrerako atondoan, asanbladan biltzen dira lankideekin, lan-baldintza hobeen alde borrokatzera animatzeko. Baina langile-mugimendua gero eta gehiago sindikalizatzen ari da, eta horrek behin izan zuten boterea kendu die, beren proiektu politiko erradikala garrantzirik ezera baztertuz.

Santiago Fernández de Mosteyrin, Jaume Ferrete, Claugia Pages, Iskandar Rementeria, Maite Ronse, Natalia Suarez eta Marina Suarezek osatzen dute aktore-taldea; Apellaniz y De Sosa, Tractora eta Pirenaika ekoiztetxeen proiektua da.

KIMUAK 2022 hautaketaren parte da Contadores lana. Jarraian duzue, 70. Donsotia Zinemaldiaren baitan egindako saio bereziaren kronika irakurgai.