Argentinako Euskaltzaleak elkartearen egoitzan, Asier Altunaren film laburra proposatzeaz gain, nazioartean sariak pilatzen ari den eta euskal mitologia ardatz duen ekoizpen epikoa ere emango dute, Paul Urkijok zuzendutakoa. 20:00etan abiatuko dute saioa.

Euskal Zinema Ibiltaria-uztaila-zinea

Euskara ikasteko ikastaroez gain, hitzaldiak, kultur tailerrak, liburutegia, euskal abestiek osaturiko errepertorioa duen abesbatza eta kantu, dantza, jolasak eta afariak eskaintzen dituzten ikasleen topaketak antolatzen ditu Buenos Airesko (Argentina) Euskaltzaleak elkarteak. Baita zinema emanaldiak ere. Biharko (uztailak 7), esaterako, Euskal Zinema Ibiltaria zikloaren baitan, emanaldi bikoitza prestatu dute.

KIMUAK programak iaz 25 urte bete zituela ospatzeko, Asier Altunaren Zela Trovke film laburra eskainiko dute, 20:00etan hasita. 2013ko bildumako parte da, eta Goya saria eskuratzeko aurre-hautatuen zerrendan sartu zuten hurrengo urte hasieran. Zela Trovke Eslovakiako kanta herrikoi bat da, baina sekretu bat du gordeta. Maite Larburu Holland Baroque Society orkestrako kide euskaldunaren eskutik, berau azaleratuko du Altunaren lanak.

Ostean, euskal mitologian oinarritutako Irati istorio epikoa pantailaratuko dute, J.L. Landaren eta J. Muñozen El ciclo de Irati eleberri grafikoaren egokitzapena dena. Sitgesko Fantasia eta Beldurrezko Zinemaldian aurkeztu eta saridun izan ostean, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean sari nagusia errepikatzen historiako lehen euskal zinemagilea bilakatu zen Paul Urkijo iragan urtean, bere proiektua Iratiko basoa bezain handi badela erakutsiz.

Zinema gizona, Argentinan

Euskal jatorriko Carlos Gabilondo argentinarra Zinema gizona ezizenarekin ezaguna da Argentinan. Zinemazaletasuna eta euskal sustraiak uztartzeko bide gisa, euskal filmak, laburrak zein luzeak, eskaini ditu azken hamarkadan herrialdeko hainbat euskal etxetan Euskal Zinema Ibiltaria proiektuaren bidez. 2020an 10 urte bete zituen egitasmoak, baina COVID19aren pandemiak eraginda, filmak online ikusteko aukera eskaini zuten. Iaz geroztik, aurrez aurreko formatua berreskuratu dute.