Juanma Bajo Ulloak Francisco Elías 2023 Sari Nagusia jaso du Bajo La Luna-Islantilla Cineforum Nazioarteko Zinemaldian, bere ibilbidearen aitortza gisa. Zuzendari gasteiztarra harrituta bezain eskertuta agertu da.
Zinemaldiaren egoitzan eskainitako agerraldian Bajo Ulloak adierazi zuenez, “kezkagarria” da horrelako omenaldiak jasotzen hastea: “gutxi geratzen zaizula dirudi”. Horrekin ere, eskertza adierazi zien Huelvako kostaldeko zinemaldiaren arduradunei, bera saritzearen hautua “oso harrigarria eta hunkigarria” izan zelakoan.
Era berean, zinema-lanak ezagutzera emateko orduan, halako zinemaldiak ospatzearen garrantzia nabarmendu zuen zinemagileak. “Ilusio handiz” bertaratu zela Huelvako hitzordua babestera, eta gauza bera egitera dei egiten zituela zinemagileak: “zinema ekoizten hasi nintzenean, nire familia baino ez zer gerturatzen”.
Alas de mariposa (1991) izan zen Bajo Ulloaren lehen obra arrakastatsua. Bere etxea hipotekatu behar izan zuen proiektua bultzatzeko finantzazioa lortzeko eta, zorionez, zorioneko apustua izan zen: Urrezko Maskorra irabazi zuen lanak Donostiako Zinemaldian, eta hiru Goya sari, tartean, Zuzendaritza Berri Onenaren Saria eta Gidoi Onenaren Saria. Arrakasta lagun izan zuen La madre muerta (1993) bere film luzearekin ere: Montrealeko Zuzendari Onenaren Saria eskuratu zuen.
1997an, urte luzez Espainiar estatuko filmarik ikusiena izandakoa aurkeztu zuen: Airbag road movie ezaguna, zeina gaur egun ere publikoarentzako erreferentea den. Bere ibilbide osoa zinema independentearen esparrura bideratu du, eta, horrekin batera, bideoklipak filmatu ditu hainbat artista eta musika talde ezagunentzat, hala nola , Joaquín Sabina, Los Enemigos, Barricada, Su Ta Gar, Golpes Bajos, Distrito 14 eta Pablo Carbonell.
Goya sarietarako izendapena jaso zuen bere azken filmarengatik: Baby (2020).