Geng Zihanek zuzendutako lanak irabazi du Miarritzeko Nazioarteko Zinemaldiaren lehenengo edizioa. Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatu dute “gazteria fokuen azpira ekartzea” helburu izan duen hitzordu berria.
“Euskal Herriaren bihotzean, surfaren hiriburuan”, bost egunez ospatu dute Festival International du Film de Biarritz – NOUVELLES VAGUES zinema jaialdiaren lehenengo edizioa. 12 eta 35 urte arteko gazteen kezkak eta ikusmirak ardatz dituzten istorioez osatutako egitaraua atondu dute antolatzaileek, eta nazioarteko zortzi filmek parte hartu dute sail ofizialean. Bada, lehiaketa egunak bukatuta, 35 urtez azpiko norbanakoez osaturiko epaimahaiak -Lyna Khoudri, Dali Benssalah, Camila Morrone, Noah Centineo, Francesca Scorsese and Léo Walk- atzo eman zuen irabazleen zerrendaren berri.
Cannesko Zinema Jaialditik datorren A song sung blue ekoizpen txinatarrak irabazi du sari nagusia, eta Geng Zihan zinemagile txinatarrak Miarritzeko Le Gare du Midi jauregian batu ziren 1.400 ikus-entzuleen txalo artean jaso eskertu zuen garaikurra, online konexio bidez. How To Have Sex (Molly Manning Walker) lanak, bestalde, bi sari lortu ditu: epaimahaiaren saria eta ikus-entzuleena. Aldiz, interpretazio onenaren aitortzarekin goratu dute Benedetta Porcaroli aktore italiarra (Amanda, Carolina Cavalli).
Gaztetasuna oinarri hartuta, Gazteria atal berezia izan du ere Festival International du Film de Biarritz – NOUVELLES VAGUES jaialdiak, eta bi sari banatu dituzte, munduko hainbat ikastetxetako ikasleek ebatzitakoa eta Pass Culture saria. Bata zein bestea Banel & Adama (Ramata-Toulaye Sy) Maliko ekoizpenak irabazi ditu. Azkenik, aipamen bereziarekin errekonozitu dute Angela Ottobahek zuzendutako Paula.
Filmen emanaldiez gain, erakusketak, topaketak, industria jardunaldiak, hitzartzeak etab. hartu ditu. Hain zuzen ere, ekainaren 28an, Miarritzeko Le Gare du Midi jauregian, Akitania Berria eskualdeko profesionalekin atondutako enkontruek eman zioten hasiera sortzaile gazteei zuzendutako hitzordu jaioberriari, eta hurrengo egunetan hainbat gonbidatu berezi ere bertaratu dira. Besteak beste, Penelope Cruz aktore espainiarra.