Erroak – Euskal Panorama atalean bilduta, sexu eta genero aniztasunaren gaiari heldu dioten azken euskal ekoizpenak egongo dira ikusgai, Bilborock aretoan. Saioa 19:00etan abiatuko dute, eta lanen sortzaileak bertan izango dira.

Erroak-Zinegoak 2023-zinea

Ekainaren 26an abiatu zuten Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 20. ediziora, eta ordutik, “identitate aldakorretan” arreta jarrita, herritarrei kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako jarduerak ari dira proposatzen hiriko hainbat txokotan. Besteak beste, uztailaren 3ra bitartean, 16 film luze eta 25 film labur jarriko dituzte lehian, eta bestelako ekintzek ere osatuko dute egitaraua.

Asteazkenean, ekainaren 28an, LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunean etena egin ostean -Koordinakundeak antolatutako manifestaziora joateko deia zabaldu zuten-, atzo, 2023ko Ohorezko Saria jaso duen Angeles Cruz zuzendari oaxakarrari eskainitako atzera begirakoarekin berrekin zioten jaialdiari. Gaur aldiz, sail ofizialetik kanpo, Erroak – Euskal Panorama izenpeko atalean bilduta, Euskal Herrian ekoiztutako bost lan proiektatuko dituzte, Bilborock aretoan, 19:00etan.

Antolatzaileek adierazi dutenez, sexu eta genero aniztasunaren gaiari heldu dioten azken euskal ekoizpenak erakusteko leiho ireki bat da ondoko zikloa: “Filmetako istorio, pertsona eta espazioak ezagunak egingo zaizkigu, eta ez bakarrik jaialdiko sail ofizialetan ikusi ditugulako. LGTBIQ+ edukiei buruz gurean sortutakoa sustatzeko erakustokien aldeko apustu bat da”.

Jarraian dituzue Erroak bilduman erakutsiko dituzten film laburrak:

  • Ezohikoak (Alejandra Bueno) 10’ | animazioa-dokumentala

Euskal Herrian hazkuntza prozesuan Euskal matriarkatuaren existentzian sinetsiz eta familia eredu oso normatiboak asimilatuz hazi ohi gara. Protagonistak ez du bere burua eredu horien barruan islatzen, eta argazkien bidez berrikuspen historiko bat egiten du gizarte hori nolakoa den ulertzeko. Historia normatibo bakarra kontatzeko balio izan duten argazki berberek bizia hartzen dute historiarik gabeko emakume historikoen, matriarkaturik gabeko emakumeen eta beste emakume batzuen historia kontatzeko.

  • Gauero (Iñigo Alkorta) 7’ | fikzioa

Galder aspertuta dago santujale hutsa izateaz. Gaur gauean, zerbait berria eta desberdina probatu nahi du. Kitzikatuta bezain urduri, ezezagunerantz barneratuko da diskoteka bateko komunetan: esperientzia bakan eta errepikaezina bizitzea espero du.

  • Lo que nos queda (Rosa Caldito eta Anne Dobaran) 22’ | dokumentala

Gazte talde bat etxe batean elkartu da, festa-gau bat dokumentatzeko. Drogen, sexuaren edota sare sozialen bidez errealitatetik ihes egiten duen belaunaldi baten egia ezkutuak azaleratzen saiatuko dira.

  • Nola ikasi euskara (Juan Esteban Montoya) 27’ | dokumentala

 Hiru urteko ikus-entzunezko erregistro bat osatu ondoren, Txileko migratzaile bat euskarara hurbilduko da, oroimenaz, denboraz eta lurraldeaz gogoeta egiteko, konfinatuta harrapatu zuen kostaldeko herri bateko irudien bidez.

  • Txotxongiloa (Sonia Estevez) 10’ | animazio-dokumentala

Txotxongilo femenino bat gela batean agertuko da, lurrean botata eta ezin mugituz. Esperientzia batzuen ostean, pixkanaka sokak erantsiko zaizkio gorputzean, eta haren mugimenduak gero eta arinagoak izango dira. Soka bakoitza eszena batekin lotuta dago, berari eragiten dioten hainbat alderdirekin: gorputza, berdintasuna, generoa.