Jazz musika eta zinema uztartuko dituzten pelikulak Gasteizko Artium Museoan, Donostiako Tabakalera zentroan eta Iruñeko Golem Baiona zinema aretoan egongo dira ikusgai, uztailean eta abuztuan. Donibane Lohitzuneko Le Select zinegelak, aldiz, bestelako egitaraua izango du. Film guztiak jatorrizko bertsioan emango dituzte azpitituluekin; bakarra euskarazkoekin.
2022-2023 ikasturtea agurtzeko, Euskadiko Filmategiak jazz musika eta zinema uztartuko ditu seigarrenez, pantaila handian ikusterik ia izan ez ditugun filmak proposatuz. Urdinen eta beltzean izenpean iragarri du erakundeak uda garairako atondutako egitaraua, uztailean eta abuztuan garatuko dena: “Jazzaren eta zinemaren arteko binomio zoriontsuarekiko gure urteroko hitzordua bi kolore horiek markatuta dator, biak baitira, izan ere, oso jazzistikoak eta baita ere oso zinematografikoak. Lotura bitxiak agertzen dira beti ziklo hauek osatzen dituzten filmen artean. Oraingoan, urdina eta beltza (blues & black) dira Jazzinemaren seigarren edizio honetako lau filmak uztartzen dituzten bi margoak. Zergatik? Animazioaren, fikzioaren eta fikzioa ez denaren magiagatik…”
Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak aurkeztuta, Soul (Pete Docter, Kemp Powers, 2020) animaziozko lanak emango dio hasiera Jazzinemari uztailaren 6an, Gasteizen. Hurrengo egunean, Fernandezek Miguel Martin Donostiako Jazzaldiko zuzendaria izango du Tabakaleran bidelagun, eta hilaren 20an, Iruñera egingo du bidaia filmategiko arduradun nagusiak. Pixar etxearen ekoizpena denak jazz piano-jotzaile gisa arrakasta izan nahi duen musika irakasle bat du protagonista.
Zikloan programatuko duten bigarren filma Rewind & Play (Alain Gomis, 2022) dokumentala izango da, euskarazko azpitituluekin proiektatuko duten bakarra. Young Man With a Horn (Michael Curtiz, 1950) filmarekin gertatu bezala, Donibane Lohitzuneko Le Select zinegelan ere egongo da ikusgai. Kasu honetan, baina, frantsesezko azpitituluekin. Lehenengoak, XX. mendeko musikaririk garrantzitsuenetako bati egindako elkarrizketa bat berreskuratuko du, 1969an, Thelonious Monk piano-jotzaileak Frantziako telebistari eskainitakoa. Bigarrenak, Kirk Douglas, Lauren Bacall eta Doris Day ditu aktore.
Amaiera, aldiz, Blue Giant (Yuzuru Tachikawa, 2023) animazio japoniarraren aurrestreinaldiak emango dio. Gasteizko saioa Alberto Ibarrondo Gasteizko Jazz Jaialdiko zuzendariak aurkeztuko du; Donostiakoa, Miguel Martinek. Saxofoi-jotzaile gisa arrakasta izan nahi duen mutil gazte baten istorioa kontatuko du. Soinu banda Hiromi piano-jotzaile birtuosoak konposatu du, munduko jazz-musikari ospetsuenetakoa denak.
Bestelako egitaraua, Donibane Lohitzunen
Rewind & Play eta Young Man With a Horn filmak pantailaratuko badituzte ere, Donibane Lohitzunen ez dira gainerako bi lanak ikusgai izango. Horien ordez, programazio osagarria eskainiko du filmategiak Le Select zinegelan: Charlie Parker saxofoi-jotzaileari buruzko Bird (Clint Eastwood, 1988) eta 1959ko Parisen girotutako Autour de minuit (Bertrand Tavernier, 1986).
Zikloa bukatu ostean, urrian berrekingo dio Euskadiko Filmategiak egitarauari, Euskal Emakume Zinemagileak programaren baitako hirugarren proposamenarekin.
Ezagutu Jazzinemaren seigarren edizioko egitaraua, jarraian.