Iruñeko NEXT LAB FINANCE & TECH jaialdiaren markoan erabaki dute Beatreiz Lema zuzendari duen eta Uniko ekoiztetxe bilbotarraren parte hartzea duen film laburra nabarmentzea. Proiektu irabazlearen arduradunek 6.000 euro jaso dituzte.

Euroeskualdeko animazio saria-zinea

Euskadi-Akitania Berria-Nafarroa euroeskualdeak -Akitania-Berria Eskualdeak, Akitania Berriko Zinema eta Ikus-entzunezkoen Liburu Agentziak (ALCA), Eusko Jaurlaritzak, Zineuskadik eta Nafarroako Gobernuak- sustatutako errekonozimendua da Euroeskualdeko animazio saria, egunotan egiten ari diren NEXT LAB FINANCE & TECH jaialdiaren baitan ebatzitakoa.

Ekaina erdialdean, sei finalisten zerrenda argitu zuten, eta atzo bertan, proiektu irabazlearen berri eman zuten. Baluarte jauregigo Luneta aretoan egindako pitching saioen ostean, Zineuskadiko eta Basque. Audiovisual.-eko kideek osatutako hautaketa-batzordeak Uniko ekoiztetxe bilbotarrak eta AbanoProducionsek ekoiztutako  El cuerpo de cristo (Beatriz Lema) film laburra goratu dute, irabazleari 6.000 euroko saria emanez.

Azken aukeraketan euskarazko proiektu bakarra egon da, Imanol Zinkunegik zuzendu eta Lotura Filmsek ekoiztutako Ikusezinak obra, eta gainerako finalistei bezala, akreditazioa eta ostatua ordainduko dizkio antolakuntzak.

Nazioarteko profesionalen topagunea

Animazioaren eta bideo-jokoen industrian finantziazioa, inbertsioa eta teknologia berriak hizketagai dituen jaialdia da NEXT LAB FINANCE & TECH, 2023ko ekainaren 28tik 29ra bitartean Iruñeko Baluarte Jauregian ospatzen ari direna. Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatuta, nazioarteko eragile, ekoizle, inbertsore eta agenteen bilgune izaten ari da, eta mahai-inguruak, topaketak zein lantegiak prestatu dituzte.

Bigarren edizioa du aurten egitasmoak, eta berrikuntza gisa, Euroeskualdeko animazio saria ebatzi dute. Hiru lurraldeen ararteko ikus-entzunezko lankidetza-proiektuak sustatzea du helburu, eta hain zuzen ere, horietan kokatutako proiektuek -animaziozko serieak, mini-serieak, film luzeak edo laburrak- izan dute deialdian parte hartzeko aukera, garapen- edo aurreprodukzio-fasean daudenak.

Ondoko sei proiektuak izan dira finalistak:

  • Titán tofu, María Luquero (Uniko ekoiztetxea) | Film laburra
  • Ikusezinak, Imanol Zinkunegi (Lotura Films) | Film luzea
  • Buffet paraíso, Hector Zafra (Hampa Studio, WKND) | Film laburra
  • El cuerpo de cristo, Beatriz Lema (Uniko ekoiztetxea) | Film laburra
  • Genesis, Karolina Chabier (Novamina Productions) | Film laburra
  • La revuelta de las putas, Amaia Remirez eta Pablo Ibarburu (Arena Comunicación Audiovisual, Animashort SRL eta Films & Chips) | Film luzea