Opor garai betean murgildu aitzin, K bulegoak 2023ko bosgarren saio irekia antolatuko du datorren uztailaren 11n. Ekimen artistiko eta kulturalen balio pedagogikoak aztertzea izango du helburu saioak, eta sektoreko eragileak dei egin dituzte parte-hartzera.

K bulegoa Gipuzkoako kultur eremura bideratutako kontsulta eta doako bidelaguntza zerbitzua da. Proiektuen sorkuntzan eta garapenean suertatzen diren beharrei erantzuteko jaio zen ekimena eta, besteak beste, egitasmoen iraunkortasuna eta sektorearen profesionaltasuna sustatzea ditu oinarrizko helburutzat. Hala, berau osatzen duen lantaldeak kultur proiektuen garapenean bide-laguntza eskaintzen du eta tramiteen kudeaketan laguntzeko informazioa errazten du.

Era berean, sorkuntza eta garapenerako lagungarriak diren euskarriak ere sortzen ditu. Askotariko beharrei erantzuteko informazioa bilatzen eta aztertzen du etengabe, eta baita sektoreko kideak zeharkatzen dituzten aferen inguruko eztabaida, formakuntza edota informazio saioak atondu ere.

Bide horretan, ekimen artistiko eta kulturalen balio pedagogikoak hizketagai izango dituen saio irekia antolatu dute datorren uztailaren 11n. Izan ere, eztabaida eta hausnarketa piztu nahi dituzte hezkuntza eta kultura eremuetan diharduten eragileekin, elkar ezagutu eta lankidetza sustatzeko plaza eskainiz.

Bada, hezkuntzari lotutako egitasmoak dituzten kultur eragile edo sortzaileak dei egin dituzte parte hartzera, bai eta gaia intereskotzat jotzen duten norbanakoak ere. Donostiako alde zaharrean, Urgull mendiaren magalean kokaturiko Santa Teresa komentuan, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. “Hozgiroan elkartuko gara limonada freskagarriaz lagunduta, ahozeru eta bururako bizigarri. Horrela, gaiari zukua aterako diogu, beste ikaskuntza esperientzia bat elkarrekin ontzeko asmoz”, azaldu dute K bulegoko arduradunek.

Ixiar GarciaK bulegoko lantaldeko kideak erraztuko du saioa, sarbide irekia izango du (aurretiko inskripzioarekin), eta euskaraz egingo dute. Eman izena, hemen.