2023ko zinemaren bigarren balorazio-mahaian adostuta, 27 lan erosi ditu Espainiako komunikazio talde publikoak. Horien artean, Asier Altuna bergararra zuzendari duen proiektua dago, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberriaren egokitzapena dena.

Karmele-zinea

RTVEk 2023ko bigarren balorazio-mahaian erositako filmen zerrenda argitu du; guztira 27 lanen eskubideak eskuratu ditu. Horietako lauk euskal ekoizpena dute, eta tartean, Asier Altuna bergararraren Karmele (Esnatzeko Ordua Films AIE, Txintxua Films eta Gastibeltza Filmak) euskarazko proiektua dago.

Bergararrak Donostia Zinemaldiak aurrenekoz antolatu zuen Financing & Tech sorkuntza-inbertsoreen biltzarrean parte hartu zuen 2022an, nazioarteko inbertitzaileen eta Espainiako ekoiztetxeen arteko topaketan, eta ZINEAri aurreratu zionez, “tropa faxistak Ondarroara heltzen direnean” abiatuko da filma, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua (2016) eleberriaren egokitzapena izango dena. Karmele Urresti eta Txomin Letamendia ditu protagonista, eta beraien bizitzari buruzkoak zuzenean horien familiengandik bildu ditu: “Konpromiso politikoa daukan bikote baten istorioa da Karmele”.

Altunaren filmaz gain, Isabel Herguera zuzendari donostiarrak idatzitako El sueño de la Sultana animaziozko ipuin feminista (Sultana Films, Uniko, Gato Verde Producciones, Fabian&Fred eta Abano Producions), Víctor García León madrildarraren Altas capacidades (Buena Punta Media eta Sayaka Producciones, S.L.) eta Fernando Francoren Subsuelo (Blizzard Films AIE, La Zona, Kowalski Films eta Ferdydurke Films) daude zerrendan.

Gaur gaurkoz indarrean dagoen Ikus-Entzunezko Lege Orokorraren zehaztapenei jarraituz, RTVE Espainiako irrati-telebista publikoak espainiar zinema sustatzeko beharraren ondorioz, urtero, bi balorazio-mahai adosten ditu ekoizpen bidean dauden proiektuak finantzatu eta merkaturatzeko. Komunikazio taldeak atzo iragarri zituen zerrenda eguneratua, eta Alejandro Amenábar, José Mota, María Ripoll, Gracia Querejeta, Antonio Méndez Esparza, Carla Simón, Judith Collet, Jonás Trueba, Fernando Franco ets Daniel Calparsororen lan berrienak ere ageri dira.

Hautatutako filmak RTVEk urte hasierako lehen balorazio-mahaian eskuratutako 34 proiektuei batu zaizkie, tartean, David Perez Sañudoren Sacamantecas (Amaina Films), José Mari Goenaga eta Aitor Arregiren Maspalomas (Moriarti Produkzioak)  eta Alberto Gastesiren  Singular (Vidania Films eta White Leaf Producciones) euskal ekoizpenak daudelarik.