Munduan gertatzen diren eskubideen urraketak ikusarazteko asmoz, erresistentzia istorioen zinema jaialdia sortu zuten iaz, Hernanin. Ekimenak jarraipena izango du aurten ere, azaroaren 2tik 12ra bitartean.

Hariak Zinemaldia 2023-zinea

Hernaniko Udaleko Lankidetza arloak urteak daramatza munduko errealitate desberdinen arteko harremanak landu eta egoera ezberdinekiko sentsibilizazioa sustatzen, eta eginkizun horretan mugarri izateko helburuz sortu zuen 2022an Hariak – Erresistentzia istorioen zinemaldia.

Bada, munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikusaraziko dituen zinema zikloak jarraipena izango du aurten ere. Antolatzaileek aurreratu dutenez, azaroaren 2tik 12ra ekimenaren bigarren edizioa egingo da.

Erresistentzia istorioen ispilu

Bederatzi film bederatzi film luze eta lau film labur proiektatu zituzten iaz, Kulturarteko Plaza Feministan. Horien artean, zenbait euskal ekoizpen ikusteko aukera izan zuten ikus-entzuleek: 918 gau (Arantza Santesteban, 2022), Awlad – Hesiak gainditu (Ane Irazabal eta Cosimo Caridi, 2019) eta Ipar Basatia (Paula Iglesias, Marta Gómez, Ana Serna, 2021) dokumentalak.

Emanaldien ostean solasaldiak eta mahai-inguruak ere antolatu zituzten, pelikuletan jorratutako gaiak sakontzeko, eta gainera, erakusketa bat ere jarri zuten ikusgai.