Begiradak. Emakume zuzendariak saileko hiru film labur pantailaratuko dituzte herriko Ikusgarri aretoan, 19:15ean hasita. Ostean, Sébastien Lifshitzek zuzendutako Casa Susanna (2022) film luzea ikusteko aukera egongo da. Zinemagile frantziarrak, gainera, zuzeneko konexioa egingo du Bilbotik.
2020an hasitako hartu-emana indartuz, aurten ere, Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren egoitza ofiziala izango da Lekeitio. Pantaila Irekia egitasmoaren barruan, Euskal Zine Bileraren eta Zinegoaken arteko elkarlanak herriko kultur eskaintza aberastea du helburu, LGTBI gaitak ardatz dituzten filmak eta sortzaileak herrian ezagutzera emanez eta zinema zirkuitu arruntetan ikusteko zailak diren lanei leiho bat zabalduz.
Gaur bertan, 19:15ean, Begiradak. Emakume zuzendariak saileko hiru film labur pantailaratuko dituzte Lekeitioko Ikusgarri aretoan, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin.
Mundu guztiko emakume sortzaileek LGTBI+ errealitateen inguruko gaiei buruz egindako lanen gainean ikuspegi espezifiko bat eskaintzen du sail honek, eta emakumeek ikus-entzunezko proiektuen zuzendaritzan duten presentzia urriari ikusgarritasun handiagoa emateko asmoz atondu ohi du Zinegoakek eskaintza hau.
Ondoko hiru film laburrak egongo dira ikusgai:
- Son (Marta Nieto, 2022) | 15 min
- Perpetua felicidad (Isa Luengo eta Sofía Esteve, 2022) | 22 min
- Warsha (Dania Bdeir, 2022) | 15 min
Emanaldiaren ostean bost minutuko atsedenaldia egingo dute, eta gero, 20:45ean, Sébastien Lifshitz zinemagile frantziarrak zuzendutako Casa Susanna (2022) film luzea ikusteko aukera egongo da, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpitituluekin. Proiekzioaren ostean, Lifshitz zuzenean konektatuko da Bilbotik, ikus-entzuleekin online solasaldia egiteko asmoz.
Saiorako sarrerek 2 euro balio dute, eta gaur bertan, 18:00etatik aurrera eros daitezke Lekeitioko Ikusgarri aretoko leihatilan.
Identitate aldakorrak aldarrikatuz
LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, ohiko datetatik kanpo ari dira ospatzen Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 20. ekitaldia. Ekainaren 26an abiatu dute, Angeles Cruz zuzendari oaxakarrari 2023ko Ohorezko Saria emanez, eta uztailaren 3ra arte luzatuko da. Generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua dela aldarrikatuz, “identitate aldakorretan” jarri dute arreta aurten, eta guztira, kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera proposatuko dituzte.
Horien artean, gaur bertan, Izaskun Arandia zinemagile tolosarraren My Way Out dokumentala ere egongo da ikusgai BilbaoArte Fundazioaren egoitzan. Bihar aldiz, Koordinakundeak antolatutako manifestaziora joateko deia zabaldu du Zinegoakek, ondorioz, ez da jarduerarik egongo; etenaldia egingo dute.