Ekainaren 23an zabaldu dute Ventana Sur eta Marché du Film merkatuek zein Donostia Zinemaldiak antolatutako Proyecta ekimenaren deialdia. Abuztuaren 1era arte aurkez daitezke proiektuak.

Donostia Zinemaldiaren, Buenos Airesko Ventana Sur eta Cannesko zinema jaialdiko Marché du Film zinema-merkatuen arteko elkarlanaren ondare da Proyecta ekimena; 2018an sortu zen Europaren eta Latinoamerikaren arteko lankidetza sustatzeko asmoz. Garapen-fasean eta koprodukzio bila dauden Europako eta Latinoamerikako ikus-entzunezko proiektuak jasotzen ditu finantzaketa osatu eta nazioarteko bazkideak eta banaketa lor ditzaten.

Bada, deialdian Latinoamerikako eta Europako fikziozko eta ez-fikziozko proiektuak aurkez daitezke, baldin eta Latinoamerikarekin berariazko lotura, 60 minututik gorako iraupena eta %20ko finantzaketa ziurtatua badute. Era berean, zuzendari baten lehen edo bigarren lanak izan beharko dira ezinbestean.

Gehienez 15 proiektu hautatuko dira, ekoizleek pitching-saio batean aurkeztuko dituzte proiektu horiek, eta horren ondoren, egiaztatutako industriarekin one-to-one hitzorduak egingo dira. Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan hautatutako Europako proiektuek ere ekitaldian parte hartzeko aukera izango dute.

Izena emateko epea abuztuaren 1ean amaituko da.

Deialdiaren xehetasunak

Proyecta ekimena Ventana Sur merkatuaren parte da, hau da, Latinoamerikako ikus-entzunezkoen merkatu nagusiarena. Ventana Sur Argentinako Zinemaren eta Arteen Institutu Nazionalak (INCAA) eta Canneseko zinema-jaialdiko Marché du Film merkatuak antolatzen dute. Buenos Airesen egingo da 2023ko azaroaren 27tik abenduaren 1era.

Araudian sartzeko eta proiektu bat ekimenean inskribatzeko, esteka honetara jo.