Olaeta zein Etorki dantza-taldeen zuzendaria eta Eusko Ikaskuntzako idazkaria (1948-1951) izan zen Philippe Oyhamburu koreografo eta idazleari buruzko dokumentala aurrenekoz erakutsiko dute Miarritzeko Le Royal zinegelan. Saioa ekainaren 25ean izango da, 18:00etan.
102 urte beteko ditu Philippe Oyhamburuk (Argelès-Gazost, 1921) ekainaren 26an, baina aurten, ospakizunak aurreratu egingo ditu. Izan ere, hilaren 25ean, igandean, “euskal kulturaren enbaxadoreari” buruzko sorkuntza-dokumentalak argia ikusiko du Miarritzeko Le Royal zinegelan. Filmaren aurrestreinaldiari 18:00etan ekingo diote, eta Barahona zuzendaria bertan izango da, lan-taldearekin batera.
Crossroads Productions eta Kanaldudek aurkeztutako proiektua da Bizi naizeno, je danserai la vie, Oyhambururen biloba den Lucia Barahonak zuzendu duena; hamar urtez aritu da irudiak hartzen. Dokumentala euskaraz eta frantsesez errodatuta dago, eta Olaeta zein Etorki dantza-taldeen zuzendaria izandakoaren ibilbidea errepasatuko du, musika bidelagun.
Oyhambururen grabazioekin batera, Institut national de l’audiovisuel (INA) institututik hartutako irudi eta artxiboek osatuko dute ikus-entzunezkoa.
Euskal kulturaren enbaxadorea
Hiru urte besterik ez zituela Montevideora (Uruguai) joan zen bizitzera Oyhamburu, eta zortzi urte eman zituen bertan. Paris eta Miarritze izan zituen Bigarren Mundu Gerra hasi aurretik bizitoki, eta garai hartan, euskara ikasten hastearekin batera Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzalean sartu zen.
Parisen dantza eta musika ikasketak ondu zituen, eta Miarritzen Olaeta ballet taldearen gidaritza hartu zuen 1944an. Eusko Ikaskuntzako idazkari izan zen 1948-1951 urteetan, eta 1953an Etorki kantu- eta dantza-talde profesionala sortu zuen. Frantziako eta Ipar Euskal Herriko irratietan ere lan egin du, frantsesez eta euskaraz. Euskal musika, dantza eta kultura sustatzen jarraitzeaz gain, 2001. urtean Diálogo con mi diario – Un joven independentista vasco en el París de la ocupación liburua argitaratu zuen.
100 urte bete zituenean, 2021ean, urrezko domina eta omenaldi ofiziala jaso zuen Miarritzen.