Urtero egin ohi duen bezala, identitate eta LGTBIQ+ kolektibo guztietako istorioak jasotzen dituzten filmen online programazioa eskainiko du uztailan Espainiar Estatuko Cervantes Institutuak. Jaialdi bilbotarraren hogeigarren urteurreneko ospakizunen harira, Zinegoak jaialditik igarotako film laburrak izango ditu oinarri.
Cervantes Institutuak LGTBIQ+ identitateei eskainitako programazioari eutsi dio beste urte batez, erakunde eta jaialdi monografikoekin elkarlanean, zinema-zikloak eskaintzeko ahaleginaren baitan. Aurtengoan, ordea, bada gerturatzen gaituenik: Zinegoak euskal jaialdiaren eskutik jaio da LGTBIQ+ Harrotasun Egunaren ospakizunari eskainitako programa. Jaialdiak hogei urte bete ditu 2023an eta, efemeride berezi horren karietara, urte guzti hauetan bere egitarauetatik igaro diren film desberdinez osaturiko programazioa atondu dute.
Sareko jarduera izango da, alegia, filmak VIMEO kanalaren bidez zabalduko ditu Cervantes Institutuak, eta lau aste inguruko luzapena izango du. Titulu guztiak 48 orduz egongo dira eskuragarri, bakoitzari esleitu zaion eguneko 20:00etatik [GMT+2] aurrera.
Honakoak dira hitzorduak:
Uztailak 4 | AZALETIK AZALERA (Mel Arranz, 2021)
Uztailak 7 | LA MESA (Adrian Garcia Gomez, 2018)
Uztailak 11 | BETI BEZPERAKO KOPLAK (Bego Vicario eta Ageda Kopla Taldea, 2016)
Uztailak 14 | THARA ( Paco Ramirez eta Tanya O’Carrol, 2018)
Uztailak 18 | DEJARSE CRECER EN EL CUERPO (Andrea Gudiño, 2018)
Uztailak 21 | EZOHIKOAK (Alejandra Bueno, 2022)
Uztailak 25 | GARELAKO (Usue Egia, 2015)
Uztailak 28 | MAKUN (Emilio Martí, 2015)
Ikusi egitasmoari buruzko xehetasun gehiago, hemen.