Sierra Leonan jaio baina Londresen bizi den zinemagileak BERRIA egunkaria eta Martxelo Otamendi zuzendari ohia izango ditu bere lan berrienean ardatz. Ikus-entzunezkoa streaming plataformaren bati saltzeko asmoa agertu du, nazioarteko zabalkundea izan dezan.

Chester Yang-zinea

BERRIA egunkariaren 20. urteurren ekitaldiak gonbidatu berezi bat izan du: Chester Yang. Sierra Leonako zinemagilea komunikazio taldea eta Martxelo Otamendi kazetaria hizpide izango dituen dokumentalerako irudiak hartzen aritu da Donostiako Tabakaleran egin duten festan, eta hainbat elkarrizketa grabatu ditu.

Martxelo Otamendi: The Defiant Journalist (Martxelo Otamendi: Kazetari desafiatzailea) du ikus-entzunezko lanak izenburua behin-behinekoz, eta ingelesez errodatuta egongo da. BERRIAri aurreratu dionez, emaitza streaming plataformaren bati saltzeko asmoa du: “Lan independentea da hau, baina espero dut streaming plataformaren bati saltzea. Nazioarteko telebistetan ere ahal bezainbeste zabaltzea nahiko nuke”.

Ekainaren 13az geroztik dago Sierra Leonako zinemagilea Euskal Herrian, BERRIA egunkariko zuzendari ohia gertutik ezagutzen duten kazetariekin elkartzen. Besteak beste, Iñaki Uria Euskaldunon Egunkariako kontseilari ordezkaria eta Vicent Partal Vilawebeko zuzendaria jarri ditu kamera aurrean; Midas elkartearen ekitaldiak eta hitzaldiak ere grabatu ditu. Otamendiren lekukoa hartu duen Amagoia Mujika Tolaretxipi elkarrizketatuko du ere, Katalunian.

Londresen bizi da Yang, 1996 urtetik, eta emaztea zein haren familia Euskal Herrikoak dira. Bada, BERRIAri azaldu dion bezala, euskal lurraldeetara egindako bidaietako batean izan zuen egunkariaren erredakzioa zein Otamendi ezagutzeko aukera. Kazetariak Euskaldunon Egunkariaren itxieraz, torturez eta auzipetuez hitz egin, eta dokumental bat egiteko ideia bueltaka agertu zitzaion. Erabakia, finean, Otamendi erretiroa hartzekotan zela jakitean hartu omen du.

Pertsonak erdigunean

Jaioterriko guda zibiletik ihesi, Londresera joan zen bizitzera Yang gaztea zela, eta aktore, gidoilari eta zinemagile bilakatu zen bertan. 2.000 urtean errodatu zuen bere lehen film laburra, eta ordutik, dozena erdi bat ekoizpen altxatu ditu CY Film Productions ekoiztetxe independentearekin. Garatutako eta garapen bidean dauden gizarteen testuinguru sozial, politiko zein kulturalen arteko aldeak aztertu izan ditu bere lanetan, pertsonak erdigunean jarriz.