16 film luze eta 25 film labur erakutsiko dituzte sail ofizialean. Emanaldi bereziek, atzera begirakoek, jaiek eta kontzertu bereziek osatuko dute jaialdiaren 2023ko egitaraua. Guztira, Kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera proposatuko dituzte.
Ohiko datetatik kanpo ospatuko dute 2023ko Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdia. 20. urteurrena izaki, LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin bat egingo dute, ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitartean hain zuzen ere. Generoa aldatzeko eta deskubritzeko lekua dela aldarriaktuz, “identitate aldakorretan” jarri dute arreta aurten, kartel ofizialean ere hala iradokiz, eta hitzordua hastear dela, Alaitz Arenzana jaialdiko zuzendari artistikoak egitaraua aurkeztu zuen atzo, Bilboko Arriaga Antzokian. Kulturarekin eta sexu-aniztasunarekin lotutako 50 jarduera proposatuko dituztela argitu zuen: “Zinegoak berregituratu egin da eta datak aldatu egin dira sentsibilizazioan eta salaketa lanean jarraitu ahal izateko, artearen, zinemaren eta kulturaren bidez gizartea eraldatzen lagunduko duten iruditeria eta narrazio berriak bultzatuz”.
Jaialdia hasi aurreko egunetan, animoak berotze aldera, 3, 2, 1… Zinegoak! egitasmoko jarduerek girotuko dute hiria, eta ZG Hedapenak 50 herri bisitatuko ditu. Ostean, hilaren 26an, emango diote hasiera 20. urteurrenaren ospakizunari, Arriaga Antzokian bertan. Nerea Arriolak eta Aitziber Garmendiak aurkeztuko dute irekiera-ekitaldia, Euskoprincess eta Kiki House of Anunnaki taldeen emanaldiekin.
Bertan, Angeles Cruz zuzendari oaxakarrak 2023ko Ohorezko Saria jasoko du. BilbaoArte Fundazioaren egoitzan, gainera, omenduari buruzko atzera begirakoa egingo dute hilaren 29an, 18:30ean hasita. Bi egun lehenago, hilaren 27an, Izaskun Arandia zinemagile tolosarraren My Way Out dokumentala ere egongo da ikusgai toki eta ordu berean. Ekainaren 28an ez da jarduerarik egongo, eta Koordinakundeak antolatutako manifestaziora joateko deia zabaldu dute.
Filmak, festak eta jarduera bereziak
FIK, DOK eta KRAK ataletan 16 film luze lehiatuko dira, Brasildik, Kanadatik, Libanotik, Suitzatik, Portugaldik edota Argentinatik ekarritakoak, eta besteak beste ondoko gaiak jorratuko dituzte: esnatze sexuala, norberak bere burua ezagutzea, gure gorputzekiko, sorlekura itzultzea, memorien artxiboa, zapalkuntzaren egitura hegemonikoak ezabatzeko borroka edo beste mundu batzuk erakusteko eta pentsatzeko ilusioa. Filmak ikusi ostean, horien sortzaile eta protagonistekin solasean aritzeko aukera egongo da.
Film laburrei dagokienez, 25 lan erakutsiko dituzte, lau atal lehiakorretan. Tartean dira, euskaraz errodatutako Raul Barrerasen Arnasa eta Maider Oleagaren Irrits. Aldiz, sail ofizialetik kanpo, Erroak izenpeko atalean bilduta, Euskal Herrian ekoiztutako bost lan proiektatuko dituzte ekainaren 30ean Bilborock aretoan, 19:00etan, egingo duten saioan.
Zinema emanaldiez gain, hainbat jarduera osagarri ere antolatuko dituzte ekaineko azken astean. La Fundición aretoak Gilkitxaro konpainiaren Identitarteak antzezlana hartuko du. Antzerki taldeak 25 urte beteko ditu eszenatokietan eta bere nortasunei buruz hausnartuko du lan berri honetan. Pabellón 6 espazioan, bestalde, Esaiozu X antzezlan eszenikoaz ere gozatu ahal izango dugu. Saiakera honetan LGTBIQ+ lagun batzuen istorioa kontatzen da, orgia bat eginez hainbat tentsio askatu nahi dituztenak.
Urtero legez, Zinegoak jaialdiko industria arloak, ZG/PRO, protagonismoa izango du, Azkuna Zentroan. Estetika ez-bitarrari buruzko mahai-inguru bat egingo da, gorputzeko praktikei eta irudikapenei buruzko masterclassak egingo dira; hainbat Work In Progress proiektu aurkeztuko dira ere.
Ekitaldiari bukaera emateko, aldiz, hainbat festa eta kontzertu ere antolatu dituzte: Chocolate Remix reggaetoi feminista; Paula Trama eta Barbi Recanatiren kontzertua Cabareten; eta 20. urteurreneko jaia Badulaken. Amaiera ekitaldia uztailaren 3an egingo dute, Bilborocken, palmaresaren berri emateko asmoz. Ostean, FILMIN plataforman ikusgai jarriko dituzte 2023ko edizioko hainbat lan.