Zuzendaria: Wes Anderson
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB

 

-Unibertso propioa-

Egungo panorama garaikidean nekez aurki daiteke Wes Anderson baino egile identifikagarriagorik. Bere pelikula baten segundo bakar batzuk  nahikoa dira zuzendari estatubatuarraren sinadura harrapatzeko, berehala sartuko gara Grand Hotel Budapest edo The French Dispachten unibertsoan. Eta hamar bat pelikulak osatzen duten ibilbidean zenbat eta gehiago aurrera egin, orduan eta nabarmenagoa da bere ‘estilo’ horren presentzia, Asteroid City honetan maila gorenera iristen dena. Eta hau berez txarra ez bada ere, bigarren irakurketak egin daitezke; izan ere, Wes Andersonengan forma eta edukia orekatuta somatzen bagenituen, azken honetan balantza guztiek eztanda egin dutenaren sentsazioa izango dugu, nolabait bideak eta helmugak nahasi balira bezala.

Asteroid Cityn kontatzen zaizkigunak gertaera hutsal samarrak dira. Iragan mendeko 50. hamarkadako psikosi nuklear eta armamentistikoaren oihartzunak hartuta, mikrokosmos txiki batetako egoerak kontatuko zaizkigu, izenburuko tokia, asteroide misteriotsu bat erori izanaren ondorio ikerketa zientifiko gune dena. Berez ukitu plastiko polita du hiri nimiño horrek, western-etako Monument Valley horri cartoon ukitu absurdo eta saturatua gainezarriko bagenio bezala. Toki honetan sortzaile gazteen talentu lehiaketa egingo da, eta bertakoen eta heldu berrien arteko topaketa hori izango da pelikularen sostengua (pelikularen alde ‘fikzionatuarena’, behinik behin). Hala, arazoak ugariak dira. Pertsonaiak nabarmenki gehiegi dira, Andersonen pelikulen aktore-taldeen name-dropping luze horren ondorio. Koraltasun desorekatu baten sarean erorita (Jason Schwartzman-en pertsonaia, lau seme-alabadun gizon alarguna protagonistatzat hartuko genuke?), dozenatik gora pertsonaia nabarmen egongo lirateke, elkarren artean tupust eginda, apenas garapenik daukatenak, karikatura huts izateraino. Hala, istorioa bera aitzakia denaren zaporea ezingo dugu kendu, mcguffin filmiko xumea tramankulu estetikoaren sostengu izan dadin. Berriro ere galdera kasik ontologikoetara jo beharko genuke pelikularen aurrean: istorioa estetikaren erabateko zerbitzura egotea zilegi ote da? 

Izan ere, bisualki Asteroid City pelikula zirraragarria izan liteke, estilo ariketa erabatekoa, non Wes Anderson libre eta mugarik gabe mugitzen den. Irudi simetriko etengabeak, travelling horizontal estilizatuak, kamerari eginiko begiradak, berrenkoadratzeko joera, pantaila zatikatua, elkarrizketak aurrera ateratzeko plano mozketa bortitzak,  komedia eta tragediaren arteko aktore zuzendaritza… Andersonen errezetarioa sobera ezaguna dugu. Momentu gogoangarri ugari daude (Schwartzman eta bere aita Tom Hanksen arteko telefono elkarrizketa, pantaila erditik zatitua dela, pertsonaia bakoitzaren egoera zeharo desberdin mugitzen den bitartean), baina dena oskol hutsa denaren sentsazio desatsegina izan genezake.

Pelikulak, edonola badu beste atal bat, etengabe ‘istoriotik’ aterako gaituena, izan ere, dena artifizio hutsa denaren azpimarra plazaratuko zaigu. Antzerki autore baten (Edward Norton) sormen prozesuaren ondorio da, eta (azpi)pelikulan parte hartzen duten denak ikusiko ditugu antzeztaldearen testu irakurketetan, zenbaitetan aktoreak Asteroid Citytik atera eta banbalinetan atseden hartzen ere egongo dira, bere zalantza artistiko pisutsuekin. Ez da bereziki berritzailea (oroitzen planteamendu meta narratiboek harritzen gintuzten garaia? Orain ematen du sortze prozesua azaleratzeko joera orokortu egin dela), baina egia da zertzelada biziki interesgarria irekitzen duela. Izan ere pasarte hauek aintzinako telebista bezala kontatzen dira, antzerki obra dago tarteko eta pelikulan zehar argazkiak ateratzearen sorkuntzak adiera handia izango du. Nolabaiteko kate ederra sortuko da errepresentatzeko joeraren inguruan, oso deigarria kontutan hartuta (eta hau, gustatu edo ez, ezingo da eztabaidatu), Andersonen izatasun artistikoa erabat zinematografikoa dela.