Lehen deialdira aurkeztutako ikerketa-proiektuak baloratu ostean, hautaketa batzordeak Felipe Cabrerizo, Endika Rey eta Neus Sabatéren proposamenak aukeratu ditu. Bestalde, aurreratu dute 2023ko uztailaren 3tik abuztuaren 11ra bitartean beken bigarren deialdia zabalduko dutela; Espainiako Estatuan bizi edo jaio diren ikertzaileei zuzenduta egongo dira bi diru-laguntza berriak.
Donostia Zinemaldiarekin eta Elías Querejeta Zine Eskolarekin batera antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak José Angel Herrero-Velarde bekak iragarri zituen iragan martxoan. Bada, dagoeneko, bi erakundeotako profesionalek osatuko batzordeak lehenengo deialdiko hiru ikerketa-proiektu irabazleak aukeratu ditu. Felipe Cabrerizo, Endika Rey eta Neus Sabatéren proposamenak hobetsi dituzte “gaiaren eta metodologiaren aldetik egokiak direlako, maila teorikoan Estatuko eta nazioarteko zinematografiaren ezagutzan ekarpena egiten dutelako eta Zinemaldiaren artxiboko baliabideak iturri nagusitzat erabili dituztelako”.
Zinemaldia 70: historia posible guztiak ikerkuntza-proiektutik abiatutako ondare historikoa Artxiboa webgunean jarri izanaren ondorioa da ekimena, eta beronen ikerketa sustatzeko helburua dauka. Hain zuzen ere, Donostia Zinemaldiaren memoria materialean oinarritzen diren artikulu akademiko argitaratuko dituzte beken onuradunek, hala, jaialdiaren iragana aztertzeaz gain, orainarekin eta etorkizunarekin etengabeko elkarrizketa ezarriko da.
Jarraian dituzue José Angel Herrero-Velarde beken hiru onuradunak:
- Felipe Cabrerizo: Una ventana abierta al este (Leiho bat ekialdera). Eremu sozialistako herrialdeetako zinemaren sarrera Espainian, frankismoaren garaian (1953-1977), Donostia Zinemaldiaren bitartez.
Administrazio frankistaren oztopoak gainditzea lortu eta Zinemaldian proiektatu zen Ekialdeko herrialdeetako ekoizpen zinematografikoa erregistratzea, aztertzea eta berreraikitzea proposatuko du.
- Endika Rey: San Sebastián y el canon (Donostia eta kanona). Zinegile berriak Zinemaldian.
Donostia Zinemaldiaren erradiografia historikoa egingo du, zinemagile berrien film luzeekin izan duen eta duen harremanean oinarrituta. Kartografia hori kanon zinematografiko bat sortzearekin lotutako ekintza-patroiak identifikatuz egingo da.
- Neus Sabaté: De la escuela de cine al festival (Zinema-eskolatik Zinemaldira). Donostia Zinemaldia, Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolome Madrilgo Zinema Eskolako lehen hiru emakume diplomatuen elkargune.
1978ko Donostia Zinemaldian Josefina Molina, Pilar Miró eta Cecilia Bartolomé zinemagileak berriz elkartu zirenekoa jorratuko du. Hiru zuzendari aitzindari horiek jatorrian eta garai bertsuan Zinema Eskola Ofizialaren esparruan jardun ziren; diktaduraren osteko Donostia Zinemaldian emandako emakumezko espainiar zuzendarien lehen lanen egileak izan ziren.
Beken bigarren deialdia, aurki zabalik
Martxoko lehen deialdian ez bezala, Espainiako Estatutan bizi edo jaio diren ikertzaile guztiei zuzenduta egongo da beken bigarren edizioa. Deialdia 2023ko uztailaren 3tik abuztuaren 11ra bitartean artekoa izango da, eta urrian emango dute aukeratutako bi proiektuen berri; egonaldia azaroaren 6tik 17ra egingo dute, Tabakaleran.
Bekaren onuradunek 3.500 euroko diru-laguntza bana jasoko dute, eta bi astez Zinemaldiaren artxibo historikora sarbidea baimenduko zaie, kontsulta-egunei dagozkien dietak ere eskainiz. Ondutako ikerketek 6.000 eta 10.000 hitz artean izan beharko dituzte, eta zazpi hilabeteko epean amaitu beharko dira; luzapenak eskatzeko aukera dago, gehienez, bi hilabete. Besteak beste, gainera, Zine: ikerketa zinematografikorako koadernoak aldizkari akademikoaren argitalpen batzordeak kontuan hartuko dituela aurreratu dute eragile bultzatzaileek.
Bekaren inguruko informazioa, jarraian.