Fikziozko eta animaziozko film luzeak eta sorkuntzazko dokumentalak sustatzeko eta publizitatea egiteko laguntzen ebazpena plazaratu du Zineuskadi Elkarteak. Orotara, zazpi proiekturen artean banatu dute 150.000,00 €-ko diru-poltsa.
Martxoaren 15an, Zineuskadi Elkartearen webgunean argitaratu zuten fikzio eta animaziozko film luze zinematografikoen eta sormenezko dokumentalen sustapen eta publizitaterako laguntzen 2023ko deialdia. EAEko nortasun kulturala zabaltzeko eta haren presentzia ziurtatzeko jomuga du, eta deialdi honetan 2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra estreinatutako fikziozko eta animaziozko film luzeek zein sorkuntza dokumentalek har zezaketen parte.
Hain zuzen ere, film luzeen kasuan, 60 minutu edo gehiagoko ikus-entzunezko lanak onartu dituzte, zinema-aretoetan ustiatzeko helburuarekin egindakoak; sorkuntza dokumentalen kasuan, ostera, gaia errealitatetik hartu duten proiektuen alde egin dute, originalak eta ikerketakoak, gutxienez ordubeteko iraupena dutenak eta zinemara bideraturikoak.
Hala, jasotako laguntza proiektuaren kopiak eta publizitate gastuak estaltzera bideratu beharko dute hartzaileek, eta horien artean banatzeko150.000 euroko aurrekontua prestatu zuen Jaurlaritzak. Proiektu bakoitzak, dena den, atal horietan egindako gastuen %50 arte jaso ahal zuen, edo 35.000 euro arteko laguntza fikziozko eta animaziozko filmen kasuan, eta 12.000 euro artekoa sorkuntza dokumentalenean. Aldiz, euskarazko ekoizpenek zenbateko hori gainditzeko aukera izan dute; izan ere, laguntzetara bideratutako guztizko kopuruaren %30 (45.000 euro) gorde dira hautatutako ekoizpenen artean jatorrizko hizkuntza euskara duten lanen artean banatzeko.
Bada, finkatutako oinarriei jarraiki, aurkeztutako eskaerak eta dokumentazio guztia aztertu ostean, Balorazio Batzordeak aurkeztutako proposamenak ebaluatu zituen. Ondoren, Zineuskadi Elkarteko Zuzendaritza Batzordeari aurkeztu zizkion txostena eta laguntzak emateko proposamena, presidenteak laguntzak emateko dagokion hitzarmena eman eta horien zerrenda argitara zezan.
Azkenerako, hemen adierazitako moduan banatuko da diru-poltsa:
Txintxua Films, S.L. | 918 Gau : 6.270,27€
Maluta Films, S.L. | Ainarak : 12.000,00€
BIB2 Ainhoa AIE | Black is beltza 2: 43.797,19€
Señor y Señora , S.L. | Canto cósmico: 4.130,20€
Producción de imagen Sincro S.A. | Los Xey: 12.000,00€
Jarraituz Filmak AIE | Orkestra Lurtarra : 43.634,56€
Yoko Hiru AIE | Yoko Oporretan: 28.167,77 €
Ikusi ebazpena xehe, hemen.