Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak Kontratatu Kultura izeneko dirulaguntza lerro berri bat deitu du kultura sektorean gazteak kontratatzeko xedez.
Eskatzaileek 7.500 € edo 15.000 € arteko laguntza jaso dezakete, kontratu berriaren ezaugarrien arabera.

Pertsona fisikoek edo taldeek, mikroenpresek eta enpresa txikiek, zein irabazi asmorik gabeko bestelako erakundeek eska dezakete bultzada ekonomiko hau, baldin eta lantokia eta jarduera ekonomikoa Gipuzkoan badute eta kultura sektorekoak badira. Izan ere, dirulaguntza deialdi honen helburua da Gipuzkoako gazteak, 36 urtetik beherakoak beti ere,  kontratu mugagabe bidez kontratatzea. Hala, haren bidez eskatzaileek 7.500€ edo 15.000€ arteko laguntza jaso dezakete, kontratua lanaldi erdikoa edo lanaldi osokoa den.

Laguntzaren xehetasun guztiak deialdiaren oinarri arautzaileetan jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. Besteak beste, zehaztu dute kultura sektoreko entetzat hartuko direla kultura, arte edo ondare arloko ondasunak, zerbitzuak eta jarduerak ekoizten, erreproduzitzen, sustatzen, hedatzen edo merkaturatzen dituztenak. Halaber, azpimarratu dute aldi baterako kontratuak mugagabe bilakatzea ez dela kontratazio berritzat hartuko.

Horrekin batera, argitu dute laguntzaren zenbatekoa ez dela kontratazio-kostuen % 50 baino handiagoa izango (gehienez 15.000€ lanaldi osoko lan-kontratu mugagabe bakoitzeko eta 7.500 € lanaldi erdiko lan kontratu mugagabe bakoitzeko). Era berean,  % 50etik gorako lanaldi partzialeko lan kontratu mugagabeen kasuan, dirulaguntza lanaldi horren proportzionala izango da.

Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 8an abiatu zen, eta programaren aurrekontua agortzen denean amaituko da.

Informazio xehetua, hemen.