Cristina Enea Fundazioaren ekimenez, Donostiako parke eta lorategietan familiartean gozatzeko filmak eskainiko dituzte, ekainaren 29tik uztailaren 14ra bitartean. Saio guztiak 22:30ean abiatuko dituzte, eta doan izango dira.

the-kid-zinea

Asteazkenean, ekainak 21, sartuko gara uda saioan, eta herritarrak Donostiako kale eta espazioak hartzeko gogotsu daude dagoeneko. Bada, Covid 19aren ostean, iaz berrartutako eskaintzari jarraipena emanez, aurten ere, Cristina Enea Fundazioak antolatu ohi dituen aire libreko zinema saioak hiriko auzo ezberdinetan egingo dituzte. Marisol Garmendia Donostiako Udaleko ekologiako zinegotziak iragan ostiralean aurreratu zuen egitaraua, “zinema familiarraz disfrutatzeko garai paregabea” dela nabarmenduz.

Ekainaren 29an ekingo diote egitasmoari, Amara auzoan kokatutako Araba parkean, eta Charles Chaplin aktore, zinemagile, gidoilari eta ekoizle britainiarraren film mutu bat pantailaratuko dute: The Kid (1921). 100 urte bete zituen Chaplinen maisulanak 2021ean, eta efemeridea ospatzeko 4K formatuan zaharberrituta berrestreinatu zen Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Oraingoan, familiartean zein lagunekin doan ikusteko aukera bikoitza egongo da Donostian. Izan ere, uztailaren 14an, berriz eskainiko dute filma, Bidebietako Salvador Allende parkean.

Baliabide gutxiko emakume ezkongabe batek haur bat izan eta, haren aita denaren arbuioa jaso eta gero, adopzioan emango du familia aberats batek hartuko duenaren esperantzan. Baina umeak arlote baten eskuetan amaituko du. Ganora eta esperientziarik gabeko gizona izan arren, umea maitatzen ikasi eta aurrera aterako du, nola edo hala.

Ekainaren 30ean, bestalde, La panthère des neiges (Marie Amiguet eta Vincent Munier, 2021) dokumental frantziarra egongo da ikusgai Urumeako ibai-parkean (Txomin/Martutene): Tibeteko goi lurren bihotzean, Vincent Munier argazkilariak Sylvain Tesson idazlea gidatzen du elurretako lehoinabarraren bila. Behaketaren arte sotilean, aztarnen interpretazioan eta animaliak aurkitzeko behar den pazientziaren inguruan sakontzen lagunduko dio. Ikusezinak diren presentziak bizi diren gailurrak zeharkatzen dituzten bitartean, izaki bizidunon artean dugun  lekuari buruz solasten dira eta aldi berean munduaren edertasunaz gozatzen dute.

Aldiz, Oroimenaren lorategian (Loiolako Erriberak), Montxo Armendariz zinemagile nafarraren Tasio (1984) filma berreskuratzeko tartea egongo da uztailaren 6an: Tasiok hamalau urte zituenetik egiten du lan ikazkin gisa Urbasa mendilerroko Nafarroako herri txiki batean. Bizitza aldatu  egiten da, baina mendiak beti berdin jarraitzen du: malkartsu eta eder. Haur jolasen eszenatokia da, baita familiaren mantenua jasotzen duen lekua ere. Tasio helduago egiten denean, ikatzari ezkutuko ehiza gehituko dio. Nahiz eta landa eremuko exodoaren garaia izan, etorkizun hobe baten bila hirietara emigratzeko garaia, Tasiok nahiago du mendian bizitzen geratu,  erabateko bakardadean, bere askatasuna babestearren.

Azkenik, aire libreko udako saioetan, 2022ko Berlinale Nazioarteko Zinema Jaialdian Urrezko Hartza irabazi zuen Alcarràs (Carla Simón) proiektatuko dute Altzako Harria parkean, uztailaren 7an: Aitonak hitz egiteari utzi dio, baina Solé familia zabaleko inork ez du zergaitia ulertzen. Urtero uda sasoian egin ohi duten bezala, Alcarràsen, Kataluniako landa-herri txiki batean, bilduko dira mertxikondo-saila landatu eta hazteko. Laurogei urtez lur bera lantzen aritu ondoren, azken uzta lanak egiteko elkartuko da familia osoa.

Saio guztiak 22:30ean abiatuko dituzte, eta doan izango dira.