Zinema Euskaraz programak Superheroien familia animaziozko filma euskaraz estreinatuko du ostiral honetan EAEko zortzi zinema-aretotan. Publiko orokorrari bideratua dagoen film norvegiarra da, Rasmus A. Sivertsen zinemagileak zuzendurikoa.
Hedvigek 11 urte ditu eta aitaren superheroi-mozorroa txikitu egin du, horregatik, aita ezingo da gehiago ‘Super lehoi’ izan. Baina bere bizitzak sekulako aldaketa jasango du, aita ordezkatuz, hiriko superheroi bihurtzeko aukeratzen duenean.
Horretarako, ordea, arazo bakarra dago: baldarra eta nagia da, ez dago oso sasoian eta superheroi izateko baino interesa handiagoa du bideojokotan jolasean ibiltzeko. Aitak, hurrengo superheroi bihur dadin, bere lehengusu Adrian aukeratzen du. Orduan, Hedvigek erreakzionatzeko ordua dela ikusiko du. Aurkitu ahal izango al ditu superbotereak?
Filma bihartik aurrera proiektatuko da Getxo Zinemak, Golem Alhóndiga (Bilbo), Multicines (Bilbo), Florida Zinemak, (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Zuaza Zinemak (Durango), Niessen (Errenteria) eta Antiguo Berri (Donostia).
Zinema Euskaraz programari esker
Zineuskadik sustatutako Zinema Euskaraz programaren barruan aurten estreinatuko den seigarren filma da, Yuku eta Himalaiako lorea, Momiak, Lau ahizpa magikoak, Mavka: basoaren zaindaria, eta Alan giza antena filmen ondotik.
Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzeko konpromisoari helduz, haur eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketa bultzatzen du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak, eta euskara sustatzen du zinemagintzan. Helburu horren baitan kokatzen du bere jarduna Zinema Euskaraz programak.
Halaber, datozen hilabeteetan, Zinema Euskaraz programaren barruan, estreinatuko diren beste film batzuen berri eman du elkarteak. Horien artean, datorren abuztuaren 25ean Una aventura gigante pelikula iritsiko da zine-aretoetara.