Gorka Santos eta Haizea Bedialaunetaren Mondragon Unibertsitateko ikasleen Ez dira debalde lanak irabazi du EUSPOT lehiaketaren Sari Nagusia. Guztira 149 lan jaso dituzte, antolatzaileen ahotan “historikoa” izan den parte-hartzea.

Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean ospatu dute bart sari banaketa ekitaldia. Ekitaldiak TOR magoa izan zuen gidari, eta bere magia ikuskizunarekin ere gozatu ahal izan zuen Zaraia aretoa lepo bete zuen publikoak. Bertan, lehiaketan aurkeztutako 149 iragarkietatik epaimahaiak aukeratutako 20 finalistak ikusi ahal izan ziren pantaila handian,  eta ekitaldi ostean luntxaz gozatu ahal izan dute gerturatutakoek.

Baina tartean, noski, spot saridunen berri izan zuten bertaratuek:

  • Spotik onenaren saria (1.000€): Ez dira debalde
  • Mondragon Unibertsitateko ikasleen spotik onena (500€): Asetu burua
  • Publikoaren saria (500€): Ametsak gauzatu
  • Musika sinkronizazio onenaren saria (300€): Eta zuk, noraino heldu nahi duzu?
  • Gazteen saria (500€): Nik, zientzialaria izan nahi dut
  • Arizmendiko ikasleen spotik onena (250€): Izan gaitezen zientzialari eta ikerlari!

Ikusi saritutako lan guztiak, hemen.

Zientzilari eta ikertzaile izan nahi dut

Euspot Euskal Herrian aitzindaria da euskara, sormena eta publizitatearen arloa uztartzen eta erreferente bilakatu da euskarazko publizitatearen harrobia lantzen. Ondo errotutako lehiaketa da eta orain arteko edizio guztiak batuta 700 spot inguru jaso dira.

Aretxabaletako Udalaren, Arteman Komunikazioaren, Mondragon Unibertsitatearen, Arizmendi Ikastolaren eta Bai Euskarari elkartearen arten antolatutako ekimena da Euspot lehiaketa, euskarazko spotak sortu eta lehian jartzen dituena. Aurten, gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Plana Euskadi 2030 (ZTBP 2030) egitasmoa batu zaie, babesle nagusia bilakatuz.

ZIENTZIALARI ETA IKERTZAILE IZAN NAHI DUT! lelopean, bokazio zientifiko eta teknikoak sustatzeko, gazteengan zientzia eta teknologiarekiko interesa eta grina pizteko eta munduaren eraldaketan aktiboki parte hartzeko helburuz aurkeztu zuten Euspot lehiaketaren hamabigarren edizioa.