Urriaren 27tik azaroaren 3ra egingo dute 2023ko edizioa, eta gaurtik aurrera, beldurrezko eta fantasiazko film luze eta laburrak bidaltzeko aukera dago. Abuztuaren 15era arte egongo da epea irekita.
Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen arduradunak aurtengo ekitaldia prestatzen hasi dira. Dagoeneko ezagun da TerrorMolins – Molins de Reiko Beldurrezko Zinema Jaialdiarekin lankidetzan sorginen munduan oinarritutako jarduerek berebiziko protagonismoa izango dutela; gaur bertan, aldiz, 34. edizioan parte hartu nahi dutenei beren lanak bidaltzeko aukera zabaldu diete.
Film luzeen kategorian, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera errodatutako 30 minutu baino gehiagoko beldurrezko zein fantasiazko lanak bidali daitezke, eta izen-ematea MoviBeta plataformaren bidez egin behar da. Film laburrei dagokienez, ostera, 30 minutuz azpiko lanak onartuko dituzte, baina kasu honetan, izen-ematea Short Film Depot plataformaren bidez egin daiteke soilik.
Bi kasuetan, gaur hasi eta abuztuaren 15era arte egongo da lanak aurkezteko epea zabalik. Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 34. Astea, aldiz, urriaren 27tik azaroaren 3ra bitartean ospatuko dute.
Sariak
Film luzeen artean ikus-entzuleen saria banatuko dute, balio ekonomikorik gabeko garaikurra, eta laburren kategorian, zazpi sari banatuko dituzte: ikus-entzuleen bozketa bidez erabakiko dituzten hiru sari –film labur onenarena, animaziozko film labur onenarena eta Espainiako film labur onenarena-, nazioarteko epaimahaiaren saria eta Zilarrezko Méliès saria Europako film labur onenari. Sari bakoitzak 1.000 euroko ordainsaria izango du. Aldiz, Espainiako film labur onenari emandako Syfy sariaren hartzaileak 3.000 euro jasoko ditu; baina Gazte Epaimahaiak ebatzitako lan onenak ez du balio ekonomikorik duen errekonozimendurik hartuko.
Ezagutu parte hartzeko oinarriak eta baldintzak, hemen.