Festival International du Film de Biarritz – NOUVELLES VAGUES jaialdiaren lehenengo edizioa ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitartean ospatuko da. “Gazteria fokuen azpira ekartzea” du helburu.

Sortzaile gazteei zuzendutako zinema jaialdi berria aurkeztu berri dute Miarritzen: Festival International du Film de Biarritz – NOUVELLES VAGUES. Bost egunez ospatuko dute, ekainaren 28tik uztailaren 2ra bitartean, “Euskal Herriaren bihotzean, surfaren hiriburuan”, eta zinema emanaldiez gain, erakusketak, topaketak, industria jardunaldiak,  hitzartzeak etab. aurreikusi dituzte.

12 eta 35 urte arteko gazteen kezkak, eta ikusmirak ardatz dituzten istorioez osatutako egitaraua atontzea zuten lehen ediziorako xedea eta, hain zuzen, nazioarteko zortzi filmen lehiaketa izango da jaialdiaren ardatza: Ramata-Toulaye Syren Banel & Adama (2023), Zihan Gengen A Song Sung Blue (2023), Bastien Milheauren Super-Bourres (2022), Angela Ottobahren Paula (2023), Molly Manningen How to Have Sex (2023), Chandler Levacken I Like Movies (2022), Carolina Cavalliren Amanda (2022) eta Jaime Rosalesen Girasoles silvestres (2022). 35 urtez azpiko norbanakoez osaturiko epaimahaia arduratuko da lanen gaineko ebazpena emateaz, eta uztailaren lehenean iragarriko dute lehiaketaren emaitza.

Filmen lehia ofizialaz gain, ekimenaren antolatzaileek bestelako emanaldiak ere aurreikusi dituzte. Esaterako, Tina Satteren Reality (2023), Andrew Durhamen Fairyland (2023), Olivier Nakache eta Eric Toledanoren Une année difficile (2023), eta Anna Novionen Le théorème de Marguerite (2023) filma ikusi ahalko dira lehenengoz hiriko zinema-aretoetan (Le Royal eta Gare du Midi).

Gaztetasuna oinarri hartuta ere, Gazteria atala aurkeztu dute: Cedric Klapischek, Zar Amir Ebrahimik eta Jean-Benoit Dunckelek gazteengan pentsatzean burura etortzen zaien filma aurkeztuko dute bertan. Halaber, Zuekin Mintzo izeneko sailean, munduko hainbat ikastetxetako ikasleek aukeratu filmak izango dira ikusgai.

Mostraren inguruko xehetasun gehiago, hemen.