Eneko Olasagastik eta David Berraondok idatzi eta zuzendutako lanak ikus-entzuleen saria eta musika edota dantza ardatz dituen dokumental onena izendatu dute, MasterDoc International Documentary Film Festival jaialdian.

Los Xey-Georgia-zinea

1940an jaio zen Los Xey taldea, Donostian, eta 1961ean desegin. Arrakastatsua izan zuen ibilbidea, eta mundu osoan barrena eskaini zituzten emanaldiak: Euskal Herrian zein Espainian, baina batez ere, Ipar zein Hego Ameriketan: Argentinan, Uruguain, Txilen, Perun, Mexikon, Puerto Ricon eta Kuban, batik bat. Berehala bilakatu ziren izar, eta hainbat filmetan parte hartu zuten; Broadwayn ere izan zuten haien berri.

Bada, agertokiak utzi eta 60 urte geroago, Los Xey taldearen memoria berreskuratzeko eta garrantzia aldarrikatzeko filma sortu dute Eneko Olasagastik eta David Berraondok: Los Xey. Una historia de película. Taldekideen senideak, musika adituak eta egungo Golden Apple Quartet taldeko partaideak elkarrizketatuz, omenaldia egitea izan dute helburu.

Filmak Tbilisiko (Georgia) MasterDoc International Documentary Film Festival jaialdian parte hartu du ekainaren 9tik 10era egindako lehenengo edizioan, eta arrakastatsu suertatu da. Bi sari lortu ditu. Batetik, ikus-entzuleek ekitaldiko lan onena dela ebatzi dute; bestetik, musika edota dantza ardatz dituzten dokumentalen artean onena aukeratu du epaimahaiak. Olasagastik berak eman du lorpenaren berri sare sozialetan: “Poz txikiak tarteka”.

Filma Valladolideko Seminci zinema jaialdian lehiatu zen iragan urrian, eta Donostiako Victoria Eugenia Antzokian izan zuen aurrestreinaldia.