Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiaren 2023ko edizioa hasi aurretik, urtero legez, hainbat jarduera proposatuko dituzte Bilboko Guggenheim Museoan, La Sinsorgan, Bilborocken eta Bira Kulturgunean.

Zinegoak aurre egitaraua-zinea

Zinegoak – Bilboko LGTBIQ+ zinema eta arte eszenikoen jaialdiak ohi baino beranduago ospatuko du 20. urteurreneko ekitaldia. Ekainaren 26tik uztailaren 3ra bitartean egingo da, LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunarekin bat eginez, eta lehian izango diren filmen emanaldiez gain, ohitura bilakatu den bezala, 3, 2, 1… Zinegoak! aurre-jaialdiaren baitan hainbat jarduera egingo dituzte.

Ekainaren 23an abiatuko dituzte berotze lanak, eta horretarako, Bilboko Guggenheim Museoan pantailaratuko dute Nina Menkes zinemagile independente kaliforniarraren Brainwashed: Sex-Camera-Power (2022) dokumental-saiakera, 18:30ean hasita. Zinemaren historiako begirada maskulinoa aztertu du zuzendariak lanean, zinema mututik hasi eta gaur eguneraino. Hain zuzen ere, dokumentalak gogoeta egiten du zinemaren munduko emakumearen sexualizazioaz, baita hura salatu ere, eta horrek iruditeria kolektiboan eta orobat gizartean dituen ondorioak ere aztertzen ditu.

Hurrengo egunean, ekainaren 24an, La Sinsorga gunean bilgune berezia egingo dute, 12:30ean. Queer (Un)Belongings dokumentala aurkeztuko du Zinegoakek. Histeria Kolektiboarekin batera ekoiztu dute, eta Eszter Katalin da zuzendaria. Euskal Herrian bizi diren lau kultur langileren istorioak jasotzen ditu: Gerri Cruz, Atic H. Deba, Camila Téllez y Anaís Córdova-Páez. Pertsona hauek LGTBIQ+ modura identifikatzen dute euren burua, eta migrazio istorio ezberdinak bizi izan dituzte. Proiekzioaren ostean solasaldia ere egongo da.

Arratsaldean, 19:30etik aurrera, Bilborock izango da agertoki nagusia. Gure garaian antzezlana estreinatuko dute, Dantzerti eta Musikeneren eskutik sortutako obra. Ines Bermejok eta Julen Nafarratek sustatutako “Gu ere bagara” proiektuan oinarrituta dago, eta bertan, Getxoko LGTBIQ+ nagusien testigantzak batu dituzte.

Iluntzean, 20:30ean, “BIZI. Bisexualitatea eta euskal komunitatea” izenpean, hainbat testigantza proiektatuko dituzte, komunitate bisexual euskalduna batzeko eta indartzeko asmoz. Ostean, musika-emanaldia egongo da Miren Narbaiza, La Furia, DJ Eromena eta DJ Clizen eskutik.

Hilaren 25ean, Zinegoak jaialdiaren 2023ko Ohorezko Saria jasoko duen Angeles Cruz zuzendari, gidoilari eta aktorea oaxakarrak (Mexiko) solasaldi batean parte hartuko du Bilborocken, Irantzu Varela kazetariak gidatuta, eta ostean bere hiru lan ikusteko aukera egongo da: La tiricia o cómo curar la tristeza (2012), La carta (20214) eta Arcángel (2018). 18:30ean ekingo diote.