2023an, ikus-entzunezko atal berri bat inauguratu dugu ZINEA atarian. Euskal Herriko zinema zuzendarien filmografiak errepasatzeko asmoz, bideo sorta osatzen joango gara FILMOGRAFIAK izenburupean.
Izan zirelako gara eta, noski, garelako izango dira. Doakie, beraz, gure begirunea.
Filmografia laburra izan zuten arren, ukaezina da Nestor Basterretxea bermeotarraren eta Fernando Larrukert irundarraren lanek euskal zinemagintzan izan zuten eragina.
Operación H (1963) filmean abiatu zuten elkarlana, eta bertan, industrialaren mundua aztertu zuten. Ostean, Frontera Films Irun SA sortu zuten, haien eta beste euskal zuzendari batzuen filmak ekoizteko.
Esku pilotari buruzko Pelotari (1964) dokumentalarekin hasi ziren errekonozimendua lortzen. Urteko dokumental onenaren saria lortu zuten Bilboko Nazioarteko Jaialdian, besteak beste. Hurrengo urtean, 1965ean, Alquezar aurkeztu zuten. Nahiz eta erlijio dokumentalaren itxura zuen, turismoa sustatzeko enkargu bat izan zen.
Beharbada, Ama Lur (1968) dokumental etnografikoa da bi sortzaileen arteko elkarlanak eman duen fruitu emankorrena. Euskal zinemaren nortasuna bilatzea zuten helburu, baina Manuel Fraga ministro frankistak jarri zituen baldintzen artean, Espainia hitza gutxienez hiru aldiz aipatzea zegoen.
Nestor Basterretxea 2014 urtean hil zen. Fernando Larrukert bi urte geroago, 2016an. Euskal zinema modernoaren ateak irekitzea zor diegu bi egile hauei.