Azken urteotan, euskal zinemak berebiziko parte hartzea izan du zinemaldi frantziarreko sail lehiakorretan zein MIFA merkatuan, eta aurten ere ez da gutxiagorako izango. La gran cita de Conej film laburra lehian izango da Graduation Films in Competition sailean, eta Uniko ekoiztetxe bilbotar laudatuak hiru proiektu eramango ditu azokara, bakarra euskaraz.
Atzo, ekainaren 11n, abiatu zuten nazioarteko animaziozko lan onenen erakusleiho den Annecyko Jaialdia, eta hilaren 17ra arte luzatuko da. Pablo Rios Digipen Schooleko ikasleak sortutako La gran cita de Conej film laburra Graduation Films in Competition sailean lehiatuko da. Malagako Zinemalditik, Athen Animfest-etik eta Cannesko Marché du Films merkatuko 2cool4school atalean parte hartzetik dator.
MIFA merkatuan, aldiz, iazko arrakasta –Unicorn Wars (Alberto Vazquez) eta Loop (Pablo Polledri)- errepikatzeko asmoz, Uniko ekoiztetxe bilbotarrak hiru proiektu aurkeztuko ditu egunotan azokan.
Batetik, Isabel Herguera zuzendari donostiarrak euskaraz idatzitako El sueño de la Sultana ipuin feminista Work In Progress atalean izango da. Sultana Films, Gatoverde Producciones, Abano Produccións, Mikrofilm AS, Stemo Production eta Vamos Animation enpresekin batera ekoiztutako lana da. Bestetik, 268 proiekturen artean, Mifa Pitches Presentation atalean aurkeztuko du jatorriz Cadizekoa den María Luquerok Titán Tofu film laburra. Abano Produccións etxearekin batera ondu du Unikok obra. Azkenik, bi ekoiztetxeon lankidetzari esker ere, Women in Animation from Spain atalean, izen bereko komikiaren egokitzapena den El cuerpo de Cristo lana erakutsiko du Beatriz Lema galiziarrak.
Gainera, garapen egoeran dagoen Cinderella enmascarada telesaila aukeratu dute sail berean. Txema Ociok idatzi du gidoia, eta Myriam Ballesteros da zuzendaria.
Koprodukzio bila
Koprodukzioa, nazioarteko salmenta-eragileak edo finantziazioa bilatzeko asmoz, hainbat euskal ekoiztetxe bertaratuko dira Annecyko Jaialdiko industria alorreko foroetara. Hala nola, euskaraz izango diren Agurtzane Intxaurragaren (Dibulitoon Studio) Run, Kuru, Run!, Juanjo Elordiren (Lotura Films) Kima & Amik eta Imanol Zinkunegiren (Lotura Films) Ikusezinak; eta gaztelaniazko Diego Cagideren eta Diego Luceroren (Dibulitoon Studio eta Malabar) Robotia.