Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdiaren 38. edizioko sail ofizialean lehiatu da Estibaliz Urresola Solagurenen lehen film luzea, eta bat ez, hiru aitortza lortu ditu ekoizpenak: opra prima onenaren saria, zuzendari onenarena, eta aktore onenarena, aktore-talde guztiarentzat.

20000 especies de abejas Guadalajara-zinea

Ekainaren 3tik 9ra ospatu dute Iberoamerikako zinemaren erakusleiho nagusienetakoa den Guadalajarako Nazioarteko Zinema Jaialdia. 38. edizioa izan da aurtengoa, eta hainbat euskal ekoizpen erakutsi dituzte bertan. Tartean, fikziozko film luzeen atalean, Berlinen, Malagan eta Hong Kongen saritua izan den 20.000 especies de abejas filma. Bada, arrakastatsua izan da Mexikora egindako bidaia, izan ere, jaialdiko epaimahaiak harrera beroa egin dio Estibaliz Urresola Solagurenen obra.

Hiru sari garrantzitsuenak bereganatuz, FICG38 ekitaldiko lan arrakastatsuena bilakatu da. Opera prima onena izendatu dute, eta Urresolak berak, zuzendari onenaren garaikurra jaso du. Gainera, Hong Kongo nazioarteko zinemaldian gertatu bezala, emakumeen aktore-talde guztia nabarmendu dute.

Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia ireki zuen 20.000 especies de abejas filmak apirilaren 21ean, eta egun berean Hego Euskal Herriko eta espainiar lurraldeko 100 zinema areto baino gehiagotan egon zen ikusgai. Guztira, 33.500 ikus-entzule bildu zituen lehen asteburuan; 17.000 ikuslerekin estreinaldirik onena izan zen Araban, Bizkaian eta Gizpuzkoan.

Gariza Filmsek, Inicia Filmsek eta Sirimiri Filmsek ekoiztutako lanak hiru belaunalditako emakumeek osatutako familia-erlauntza du ardatz: Coco da filmeko protagonista, 8 urte dituen haur trans bat, amarekin eta neba-arrebekin amaren jaioterrira uda pasatzera joango dena.

Ezagutu jaialdiko irabazleen zerrenda osatua, jarraian.