2024ko urtarrilaren 19tik 27ra bitartean, iazko joerari eutsita, ohi baino egun bat luzeago, egingo dute Miarritzen ospatu ohi den FIPADOC jaialdia. Urriaren 13an bukatuko da lanak aurkezteko epea.
Ikus-entzunezko edukiei lotuta Miarritzen egiten zuten FIPA jaialdiak norabide berri bat hartu zuen 2018an, eta dokumentalen generora mugatu zuen bere lan eremua FIPADOC izendapena eskuratuta. Azken bi urteotan, COVID19aren pandemiak eraginda, data eta formatu aldaketak jasan ditu, ekimena ekainera atzeratzea besteak beste. Iaz berreskuratu zuten normaltasunezko jarduna, eta horri eutsita, ohiko datetan ospatu dute ordutik.
Seigarren edizioa izango du 2023an hitzorduak, eta iaz bezala, aurreko urteetan baino egun bat gehiago iraungo du. 2024ko urtarrilaren 19tik 27ra bitartean egingo dute, eta dagoeneko lanak aurkezteko deialdia zabalik da, urriaren 13ra arte.
Zinemagile, ekoizle, merkatu agente eta zinema eskoletako ikasleek beren proiektuak aurkez ditzaketen hiru atal bereizi dituzte antolatzaileek: batetik, film luzeak eta 20 minutu baino gutxiago irauten dituzten film laburrak galdegin dituzte. Bestetik, gehienez 60 minutuko lanak ere eskatu dizkiete zinema eskoletako ikasleei, Young Talent sailean parte har dezaten. Hirugarrenik, SMART atalean telesailak jasoko dituzte.