Ekainaren 13tik 17ra bitartean gauzatuko dute Filmmaking for social Change ekimenaren bosgarren edizioa, Iruñeko Civivox Kondestable aretoan eta Nafarroako Museoan. Guztira, nazioarteko 28 film erakutsiko dituzte, eta emanaldi guztiak doan izango dira.

Filmmaking for social change-zinea

Mikel Belascoáin artista iruindarraren eta Patrick Hazard antropologo eta Londresko Zinema Dokumentalaren Jaialdiaren zuzendariaren lankidetzatik sortutako ekimena da Filmmaking for social Change. Jaialdi ez lehiakorra da, zinema eta artea uztartuz, urtero, gai jakin bati buruzko hausnarketa independente, kritiko eta zabalak eskaintzen dituena. Egitasmoak Nafarroako Kutxa Fundazioaren, La Caixa Fundazioaren, Iruñeko Udalaren, Civivox sarearen eta Nafarroako Museoaren lankidetza dauka, eta hain zuzen ere, azken bi eragileon egoitzetan gauzatzen dituzte proposatutako jarduerak.

Ekainaren 13tik 17ra bitartean egingo dute bosgarren edizioa, eta tribuak eta erritua izango dituzte mintzagai. Horrela azaldu dute gaiaren aukeraketa, antolatzaileek: “Azken urteotan ikusten ari gara mundua inoiz ez bezalako abiaduran ari dela masa-kultura teknologikorantz bideratzen, munduko leku askotako gizartearen usadioak eta ohiturak bateratuta, kultura txikiak desagerraraziz. Aldi berean, errituen eta tribuen inguruko beste ikuskera batzuk agudo sortu eta suntsitzen dira, kontsumo azkarreko objektu edo joera bihurtuta”.

Guztira, nazioarteko 28 film erakutsiko dituzte, ia erdiak estreinaldiak. Nafarroako Zinema Eskolako ikasleen lanak zein Londresko Zinema Dokumentalaren Jaialdiarekin kolaborazioan ondutako Cairo In Motion proiektuan aukeratutakoak pantailaratuko dituzte, ekainaren 13an, egitasmoari hasiera emateko. Hurrengo egunean, nazioarteko film laburren saioa hartuko du, eta hilaren 16an, lurraldean errodatutako bi lan egongo dira ikusgai: No amanecerá sin ti (Joaquín Torrents) eta Why (Natxo Leuza). Ekainaren 17an, bosgarren edizioari agur esateko, Ritual in transfigures time (Maya Derem) film mutua eta Luna Negra (Alba Heredia) dokumentalak emango dituzte.

Jarduera guztiak 19:00etan abiatuko dituzte eta doan izango dira, areto bakoitzeko edukierak bete arte.